"Osasun publikoa, doakoa, kalitatezkoa eta guztiontzat"

uriola.eus 2014ko eka. 20a, 10:00

Pentsionistak Martxan plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute pentsiodunek eguerdian, Osakidetzak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Beste behin osasun publikoa, doakoa eta pentsio sari duinak exijitu dituzte.

Elkarretaratzean Dolores Uriarte eta Xabier Isasak hartu dute hitza salatuz, "azken lau urtetan pentsio sarien izozketa eman dela; 2012an botika eta osasun prestazioen berrordainketa ezarri zutela; pertsona adinduei Mendekotasun Legea ukatu zaiela; pertsona adinduei artatzeko diru laguntzak murriztu zaizkiela; pertsona adinduei egoitzetako artapenaren kalitatea murriztu dela eta prestakuntza bereziko langile falta dagoela egoitzetan".

Eskari zehatz bi
Administrazio publikoari "ahalegin berezia" eskatu diote pentsiodunei, batik bat mendekotasuna pairatzen duten gizon eta emakumeen bizi kalitatea hobetzeko. "Etorkizunean gu izan gaitezke zerbitzu hori beharko dugunak", adierazi dute. Eta osasun zerbitzu publikoari eskari bi egin dizkiote. Bata, "egoitzetan dauden 100 gizon-emakume bakoitzeko prestakuntza bereziko 100 langile izateko". Horrela, egoitzetako egoiliarrek "bermatuta edukiko dute kalitatezko arreta, elikadura egokitua eta beharreko higienea", besteak beste. Bigarren eskaria "pentsiodun bakoitzarentzat, egoitza batean egon ala ez, gutxienez hileko 1.000 euroko diru sarrera, bere mantenuaren berme bezala".

[2014-06-20] Pentsiodunek osasun publikoa eta doakoa aldarrikatuko dute beste behin