Enpleguaren aldeko mobilizazio eguna izango da bihar EAEko hiriburuetan

uriola.eus 2014ko uzt. 1a, 10:15

Confebask patronalaren jarrera salatzeko eta instituzioei, Jaurlaritzari bereziki, egoera konpontzeko erabakiak har ditzala eskatzeko agerraldia egin zuen ekainaren 23an LABek. Eskaera eta salaketa hauek bihar, uztailak 2, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian izango diren mobilizaziotara eramango dituela iragarri zuen sindikatuak.

Bihar, mobilizazio eguna izango da EAEko hiriburuetan. Besteak beste, negoziazio kolektiboan gizarteak bizi duen blokeoa salatuko dute, "erantzuleak seinalatu eta instituzioei, bereziki Jaurlaritzari, egoera konpontzeko erabakiak har ditzala eskatuz".

Bilboko manifestazioa 11:00etan abiatuko da Arriagatik "Patronala lapurrak! Enpleguaren defentsan hitzarmena orain!" lelopean. Donostian aldiz, 11:00etan hasiko da martxa Artzai Onan eta Gasteizekoa, 11:30ean Ahate Iturritik aterako da.

LABen esanetan, hiru arrazoi nagusi daude blokeoa hainbeste denboran mantentzeko; enpresariek legeetatik jaso dituzten onurak, lan erreforma negoziazio kolektiborako eskubidea ezerezean uzteko helburuz egin izana; negoziazio mahai gehienetan ematen den ordezkaritza neurtugabea; eta Jaurlaritzak patronalari emandako babesa.

Gainera, LABek denbora darama Confebaskek "elite txiki baten interesak baino ez dituela defendatzen" esanez, enpresarien gehiengoa ez duela ordezkatzen edota euskal ekonomiaren beharrei "bizkar eman" diela salatuz. Ikasturte honetan, negoziazio kolektiboaren defentsa enpresetara eramatea erabaki zuten, beti ere sektoreko hitzarmenak defendatzen jarraituz. Beraz, enpresetan, hainbat enpresarirekin egotea egokitu zaie eta argi ikusten dute Confebaskek egun jokatzen duen paperarekiko zalantzak edota desadostasunak geroz eta gehiago ari direla nabarmentzen. "Desadostasunak nabariak dira, asko eta asko dira Adegi, Cebek edota Seak daramaten negoziazio kolektiborako lerroarekin bat egiten ez dutenak. Egia bada ere, hortik haratago beste urratsik ematea kosta egiten dela eta desadostasun hori ez da publiko egiten".

LABen aburuz, enpresari ertain eta txikien, autonomoen... ezinegona areagotzen ari da, enpresen arteko sinergiak bilatu ordez, euren arteko lehia nagusituko delako. Baita, lan kostuen etengabeko merkatzean lehiatzeak kontsumoa eta enplegua kaltetzen dituelako ere. Beraz, desblokeorako estrategiak lantzen jarraituko dute eta negoziazio kolektiboaren defentsan, hitzarmenaren defentsan, borroka egin nahi duen orori, elkar lanean aritzeko aukera luzatu diote.

Uztailaren 2a mobilizazio eguna izango da, borrokan jarraitzeko egun berri bat. Hainbat udaletxetan mozioak aurkeztuko dituzte; eta Bilbo Gasteiz eta Donostian manifestazioak egongo dira.