Uztailaren 5ean ospatuko da Club Deportivoren 75. igeriketa zeharkaldia

uriola.eus 2014ko eka. 25a, 09:50

Bilboko Club Deportivok, bere Igeriketa Batzordearen bitartez, Bilboko Itsasadarreko 75. igeriketa zeharkaldia antolatu du uztailaren 5rako.

Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko Zinegotzi Ordezkariak, Javier Berasategui Itsasbideko Zuzendari Teknikoak eta José Luis Lasa Club Deportivo Bilbaoko Presidenteak, Club Deportivo Itsasbidea Igeriz zeharkaldi garrantzitsua, gaur goizean aurkeztu dute.

Igerian egingo den zeharkaldia Pio Barojako pantalanean hasiko da 11:00etan eta proba bi egongo dira. Laburrean (680 metro) federatutako gazteek (14 urtera bitartekoak) eta afizionatuek (adin muga gabe) parte hartuko dute. Igerilariek berariazko irteera-gunea izango dute eta Calatravaren zubiaren azpian jarriko diren buietan egingo dute bira.

Ondoren, proba absolutua izango da, 2.380 metrokoa. Leku berean irten eta bertara helduko dira, baina bueltarako buiak Arrupe pasabidearen azpian jarriko dituzte, Guggenheim Museoaren zabaltzaren ondoan.

Club Deportivok 500 partaide inguru izatea espero du. 75. IMDren babesletza eta laguntza eskertzeko, Bilbao Kirolakeko abonatuentzat izena ematea doakoa izango da. Inskripzioak http://www.club-deportivo.com/travesia.cfm webgunean egin daitezke.

Zeharkaldiaren historia

Uztailaren 5ekoa izango da Bilboko Club Deportivok igerian egiteko antolatzen duen 75. zeharkaldia. Lehenengoa Gerra Zibilaren aurretik izan zen, 1934ko irailaren 16an eta bertan 230 igerilarik hartu zuten parte. Gero, ez zen berriro antolatu 1940ra arte. Aurreneko alditik gaur arte lau lekutan egin izan da. Itsasadarra bosgarrena dugu. Hasieran, Club Deportivoren Zeharkaldiak Abrako Zeharkaldia izena zuen, irteera Portugaleteko nasan egiten zen eta bertako pasealekuaren azpitik igarotzen zen. Igerilariak ontzietan eramaten zituzten bertaraino. 1975ean, uraren egoera txarra zela eta, zeharkaldia Lekeition egiten hasi ziren eta han egin zuten 2002ra arte, Ereagako hondartzan egiten hasi zen arte, alegia. Jendearentzako ikusgarria ez zela ikusita, 2006an Plentziara eraman zuten eta han egin zen zeharkaldia 2011ra arte. Urte horretan, Club Deportivok bere ametsa bete zuen, zeharkaldia Bilbon egiterakoan.

Lehen, federatuek soilik parte har zezaketen. Lekeition egiten hasi zenean, federatutako promesen kategoria zegoen (11 urtera artekoak, 700 metro) eta proba luzea gainerakoentzat (1.500 metro). Plentzian promesentzako distantzia jarri zuten berriro eta itsasadarrean ere kategoria horretakoek badute parte hartzerik; hala ere, besteetan ez bezala, itsasadarrean proba “herrikoia” ere badago, igeri egitea gustuko dutenentzat.

Promesak: 680 metroko ibilbidea

Pio Baroja pantalanetik (uretatik) hasita igerilariek Guggenheim Museorantz joko dute, bira egingo dute Calatravaren zubia baino 10 metro aurrerago jarritako buia bitan (buia ezkerrean utzita) eta Pio Baroja pantalanean jarritako helmugarantz abiatuko dira.

Gainerako kategoriak: 2.380 metroko ibilbidea

Promesa mailakoen abiapuntu beretik irtenda igerilariak Arrupe pasabidea baino 10 metro aurrerago eta Guggenheim Museoaren zabaltzaren inguruan jarritako bi buiataraino iritsiko dira, bira egin (buiak ezkerrean utzita eta helmugara iritsiko dira, Pio Barojako pantalanera. Irteera ofiziala baino 15 minutu lehenago egon behar dute igerilariak irteera-puntuan.

Irteera-orduak

- Promesak, gizonezkoak eta emakumezkoak: 11:00etan

- Afizionatuak, gizonezkoak eta emakumezkoak: 11:05ean.

- Seniorrak, masterrak, beteranoak (emakumezkoak): 11:30ean

- Seniorrak, masterrak, beteranoak (gizonezkoak): 11:35ean