Ignacio Corcuera abenturazale bilbotarrak Dakar Rallyan parte hartuko du hirugarren aldiz

uriola.eus 2014ko eka. 25a, 10:00
Corcuerak Bilboren izena Hegoamerikaraino eramango du berriro ere, munduko rallyrik gogorrena jarraitzen duten ehunka milioi pertsonak ikusteko moduan.

Ignacio Corcuera 'Livingstone' abenturazale eta pilotu bilbotarra Dakar Rallyra itzuliko da hirugarren aldiz. 2015eko Dakar Rallya urtarrilaren 3tik 17ra bitartean jokatuko da, eta azken urteotako gogorrenetakoa izango dela iragarri dute. Corcuerak 4x4 ibilgailuan egingo du berriz Argentina, Bolivia eta Txilen zehar doan 9.000 kilometroko ibilbidea. Gainera, konpainiarik gabe lehiatuko den Estatuko lehen pilotua da eta munduko gutxietako bat.

 

Lehiaketa amaitzea helburu

Hirugarren parte-hartze honetarako helburua Dakar Rallya amaitzea izango da. 2012an, lehenengo aldiz parte hartu zuenean, Livingstonek 14 etapetatik zortzi egitea lortu zuen eta 2013ko edizioan parte hartzeko erabili zuen buggyaren matxurak probatik kanpo utzi zuen lehendabiziko etapan.