Goiz eta arratsaldeko sesioa izango du Osoko Bilkurak gaur, hortaz, zinegotziek etenaldia egingo dute bazkaltzeko.
60 puntu dauzka oporraldien aurretik egingo den azken Udalbatzerreko Osoko Bilkurak. Horietatik 37 Udal Gobernuak aurkeztutakoak dira eta gainontzeko 23 puntuak oposizioak aurkeztutakoak.
Osoko Bilkura online jarrai daiteke Udaleko web gunetik.
Puntuetako batzuk
Besteak beste, jorratu eta bozkatuko diren gaietako batzuk honakoak dira:
- Bilboko Udala Hondakinen tratamendurako Bizkaiko Foru Aldundiaren gestio-sistema integralera batzea. EAJ
- TAO araututako aparkamendurako sistemaren aplikazio-eremua arautzen duen Ordenantzaren aldaketa-proiektua onartzea. EAJ
- Hiru hilabeteko epean uriko komisarien mapa baten aurkezpena eskatzea. PP
- Etxebizitza bihurtutako lonjen kontrola sendotzea, Gizarte Ekintza, Hirigintza, Segurtasuna eta Osasun eta Kontsumo Sailekin koordinatuta. PP
- Bilbobuseko eta Bilbon aritzen diren garraio publikoko enpresetako garraio-txartel doako bat, 14 urtetik beherakoentzat, eta horien tarifak egokitzea eskatzea, doako txartel hori abian jartzeko. PSE-EE
- Gaueko aisialdia suspertzeko programa bat egitea, uriko ostalaritzaren sektorearekin elkarlanean. PSE-EE
- Bilboko auzoetako jaiek inguruan sortzen duten eragin ekonomikoa eta soziala ebaluatuko duen azterlana egitea. EH Bildu
- Masustegi auzoaren gainetik igarotzen den goi-tentsioko linearen jabe diren enpresekin harremanak hastea, linea hori lurperatzeko edo korridore elektriko batera eramateko. EH Bildu
Presoen etxeratzea Udalbatzar barruan eta kanpoan
Bilboko preso politikoen eskubideak berma daitezen eskatuko duen mozioa aurkeztuko du gaur EH Bilduk. `Dispetsioa amaitu!´ dinamikako kide den Xabier Oiarzabalek adierazi duenez, Udaleko alderdi guztiekin hitz egin dute dinamikako ordezkariek eta "ondo hartu dituzte"; hala ere, "ez dute inolako konpromisorik zehaztu". Beraz, mozioaren aurrean alderdiek zer erabakiko duten zain geratu dira; jakinda, "euren zeregina ere badela bilbotar presoen oinarrizko eskubideak bermatzea". 12:00etan elkarretaratzea deitu dute udaletxe aurrean, eskaileretan.
EH Bilduren proposamena: "Udalbatzarrak erabakia hartzea Espetxeetako Zuzendaritzari honako hauek eskatzeko, presoak bergizarteratzearen inguruan espetxeetako legeak inspiratzen dituzten hastapenekin bat etorrita eta zuzenbidezko estatu demokratiko orok giza eskubideei zor dien errespetu zorrotzaren ildotik: EAEko espetxeetara ekartzea euskal preso guztiak; neurri bereziekin bukatzea, adibidez isolamendu-egoerak; espetxeetako legeetan jasotako neurriak aplikatzea 70 urtetik gorako presoak eta kondenaren heren biak eta hiru laurdenak bete dituzten presoak askatzeko; gaixotasun larriak dauzkaten presoei baldintzapeko askatasuna ematea; eta hartutako akordioa Espainiako eta Frantziako gobernuei eta euren Espetxeetako Zuzendaritzei jakinaraztea".