Irune Soto, Bildu: "Bilbaok BBKren kontrol publikoa desagertzearen kontra egon beharko luke guztiz, Aldundia kaltetu zuzena delako"

uriola.eus 2014ko eka. 26a, 11:30
Irune Soto EH Bilduko batzarkide taldeko bozeramaileak ezinbestekotzat jo du euskal kutxen gaineko kontrol publikoa bermatzea Kutxabanken funtzio sozialari eusteko.

Hala, EAJk Kutxabanken gizarte ekintzari eustearen alde egin dituen adierazpenen aurrean eta  alderdi jeltzaleak bankua euskal ekonomiaren zerbitzura egongo dela ziurtatu ostean, honako galdera luzatu dio Sotok EAJri: “nola bermatu daiteke Kutxabankek gizarte ekintzari eutsiko diola eta Euskal ekonomiaren zerbitzura egongo dela, bankuaren gaineko kontrol publikoa pikutara badoa? Nola inbertsore pribatuen esku uzten bada, EAJk nahi duen moduan?”

Sotore iritziz, Bizkaiko Foru Aldundiak erantzukizunez jokatuko balu, kontrol publikoa ezabatzearen kontra agertu beharko luke guztiz, operazio horren “kaltetu zuzena” delako. “Gaur egun Aldundiak ordezkariak ditu BBK-ko gobernu organo nagusian, Batzar Orokorrean, baina EAJ, PP eta PSEk bultzatu nahi duten aldaketarekin Aldundiak ez du inolako ordezkaritzarik izango. BBK fundazio bihurtzen denean, 12 adituk osatutako patronatu baten esku geratzea nahi dute hiru alderdiek. Jose Luis Bilbao ados al dago erabaki horrekin?” gaineratu du Sotok.