Gutxieneko lan baldintzak adostu dituzte etxeko langileen ordezkariek

uriola.eus 2014ko eka. 26a, 12:00

Etxeko lanen alorrean lortu den akordioan gutxieneko soldatak daude zehaztuta -orduko 10€-, kasu bakoitzean kontratatutako lansaio eta eginkizunen araberakoak, bi alderdiek oinarritzat har ditzaten.

Hala, etxeko langileen egoera "arintze aldera", etxeko lanen alorrean bitartekari gisa aritzen diren eta etxe-garbitzaileei lan-eskubideen inguruan aholku ematen dieten irabazi-asmorik gabeko Bizkaiko erakundeek kontratazio guztietan errespetatu beharreko baldintzak ezartzen dituen hitzarmen bat adostu dute.

Hitzarmen horretan gutxieneko soldatak daude zehaztuta -orduko 10€-, kasu bakoitzean kontratatutako lansaio eta eginkizunen araberakoak, bi alderdiek oinarritzat har ditzaten.

Beste behin, alorreko talde eta eragileek adierazi dute etxe-garbitzaileen eskubideak aintzatesteko "arauak behar direla". Enplegu-zerbitzu publikoek, euren kasuan Lanbidek, "etxeko lanen sektorean bitartekari-lanak egin beharko lituzketela, arin eta modu eraginkorrean". Berez, Eusko Jaurlaritzak lau aldiz eskatu dio horixe bera Lanbideri, azken urteetan, eta Lan Ikuskaritzak "legez kanpo aritzen diren enplegu-agentzia pribatuak kontrolatu eta zigortu beharko lituzkeela".

Gutxieneko baldintzei buruzko hitzarmena adostu duten erakundeak:

Asociación de Trabajadoras de Hogar de Bizkaia, Centro Asesor de la Mujer de Barakaldo “Argitan”, CEAR-Euskadi, Círculo Solidario, Cruz Roja, Fundación Ellacuria, Centro Social María Inmaculada, Asociación de Mujeres de Basauri eta Asociación Zubietxe elkarteek enplegu arloan bitartekari gisa aritzen diren GKEek eta sektore horretan lan egiten duten pertsonei laguntzen dieten erakundeak.

Aldatu nahi den egoera

Etxe-garbitzaileen laneko eta gizarte-segurantzako baldintzak arautzen dituen araudi berria 2012an jarri zen indarrean. Gai batzuetan "aurrerapen handiak" ekarri zituen, baina beste batzuk konpontzeko daude oraindik, "sektore hori beste batzuekin parekatu nahi bada".

Besteak beste: asteko 60 orduko lanaldiak egitea onartzen du; ez ditu ez zereginak ez maila profesionalak zehazten; ez ditu gaueko lansaioak arautzen, ezta atsedenaldiak argi eta garbi ezartzen ere; ostatu emateagatik edo/eta mantenuagatik soldata %30 jaisteko aukera ematen du; barneko langileen kasuan, ez ditu adierazten ostatu emateko gutxieneko baldintzak, ezta otorduen erregimena ere; ez dago laneko segurtasun- eta osasun-araurik...

Horrez gain, etxe-garbitzaileen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko zailtasunak dauzkate eta enplegu-zerbitzu publikoak (EAEn Lanbide) "ez dira bitartekari gisa batere inplikatzen". Gauzak horrela, etxe-garbitzaileek eragozpen handiak dauzkate lan-baldintzak negoziatzeko eta, azkenean, kontratugileek, enplegu-agentzia pribatuek edo zerbitzu-enpresek ezartzen dituzte; eta agentzia eta enpresa gehienek langileak esplotatu eta engainatu egiten dituzte, eta haien kontura aberasten dira. Izan ere, asteko zazpi eguneko lansaioak eskaintzen dituzte, ez dituzte atsedenaldiak errespetatzen, jendea jatorriagatik diskriminatzen dute, garbitzaileen soldataren parte bat kobratzen dute (zenbaitetan %50a), langileei ez diete gizarte-segurantzan alta egiten, besteak beste.