Udalbatzarreko Osoko Bilkura luze eta mamitsua

uriola.eus 2014ko eka. 26a, 17:59

Atzeratutako lan asko zuten egiteke gaur Bilboko zinegotziek, 60 puntu jorratu, eztabaidatu eta ebatzi beharra. Hainbat tentsio une izan dira, baita topagune eta akordioak ere. Goizeko 9etan hasi den Udalbatzarreko Osoko Bilkurak, bazkaltzeko etenaldiaren ostean, jarraipena izan du arratsaldean.

Luzea aurreikusten zen eta luzea izan da. 60 puntu izan ditu oporraldien aurretik egin den azken Udalbatzerreko Osoko Bilkurak. Horietatik 37 Udal Gobernuak aurkeztu ditu eta gainontzeko 23 puntuak oposizioak.

Eztabaida sortu dute hondakinen kudeaketak, Kutxabanken pribatizazioak, TAO-OTAren kontzesiodun enpresak edota presoen eskubideek. Beste gai batzutan berriz adostasuna izan da, besteak beste, gazteentzako garraio txartelean, Masustegiko tentsio handiko linearen lurperatzean eta gaueko aisia suspertzeko planean.

Hona gaurko Osoko Bilkuran erabaki diren hainbat puntu:

Gazteentzako garraio abantailak

26 urtetik beherakoentzat Gazte Bilbao izeneko txartela abian jartzea adostu da, bai Bilbobus bai funikularrean erabiltzeko. Horrela Udalak bat egingo du Bizkaia osoan Aldundiak esku artean duen gazteentzako garraio abantailen planarekin.

Hondakinen tratamendua

EAJ eta Bilduko zinegotzien eztabaida luzea izan da hondakinen gestioa dela eta. Azkenik Bilboko Udala Hondakinen tratamendurako Bizkaiko Foru Aldundiaren gestio-sistema integralera batzea onartu du Udalbatzarrak.

Urretxindorra eta Mercadona

Plan Orokorraren aldaketa onartu da, Martin Barua kaleko 21ean, Urretxindorra Ikastolan dagoen partzelan baimendutako eraikigarritasuna aldatzeko, alegia. Bilduk "rekalifikazioaren" aurka bozkatu du. Baimen aldaketak onartuta, Mercadonak bidea zabalik du lursail horietan merkatalgunea eraikitzeko.

TAO-OTA eremuaren zabalpena

Miribilla, San Adrian, Zabala, San Frantzisko eta Bilbo Zaharrera zabalduko da araututako aparkamendurako sistema. Ondorioz, Ibaiondo eremu barruan 3.000 TAO plaza gehiago izango dira. Horrezaz gain, Santutxu eta Basurtun TAOren mugak egokituko dira. Udal Gobernuaren proposamenak izan dira hauek, eta PP eta PSEren aldeko boto jaso dute. EH Bildu abstenitu egin da.

TAO-OTAren kontzesiodunari "oparirik ez"

Oposizioko hiru alderdiek bat egin dute TAOren kontzesioa kudeatzen duen enpresari 1,3 milioiko ordaina edo "oparia" Udal gobernuak baliogabe utz dezala eskatzerakoan.

Itsas Museoari laguntza

90.000 eurotan handituko dio Udalak diru-laguntza Itsas Museoari "ustiaketa-gastuei aurre egin ahal izateko". Eusko Jaurlaritzak museoko ugazaben taldea utzi eta gero, 180.000 euroko kudeaketa-defizita du egun museoak. "Udala eta Bizkaiko Aldundia bakarrik geratu gara", aitortu du Jose Luis Sabas Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. Beste 158.000 euro ere emango dizkio Udalak museoari erakinaren aurrealdean eta estalkietan konponketak egiteko. PPk babestu du EAJren mozioa eta Bildu eta PSE abstenitu egin dira. Oposizioak Itsas Museoarengandik jasotzen duen informazio "eskasa" salatu du.

Auzoetako jaien eragina

Bilboko auzoetako jaiek sortzen duten eragin ekonomikoa eta soziala ebaluatuko duen azterlana egitea babestu du Udalbatzarrak. Horrela, 2015eko aurrekontuetan diru partida bat gordeko da jaien eragin soziala neurtuko duen azterketa egiteko.

Gaueko aisialdia

Sozialistek eskatu bezala, gaueko aisialdia suspertzeko eta sustatzeko, Bilboko ostalaritzaren sektorearekin elkarlanean, programa bat egitea adostu du gehiengoak.

Masustegin lurperatzea

Masustegi gurutzatzen duen tentsio altuko linea lurperatzeko konpromisoa hartu du Udalbatzarrak, EHBilduren eskariz. Linearen jabeekin hau lurperatzeko edo korridore elektriko batera desbideratzeko beharrezkoak diren gestioak abiatzeko eskatuko dio Udalbatzarrak. Erabakia EAJ eta PSOE alderdiek babestu dute.

Kutxabank eta kaleratzeak

Bilboko Udalak, BBKren korporazio fundatzaile izanik, "BBK-ko gobernu organoei Kutxabankeko pribatizazioa errefusatzeko" proposamena luzatu du EH Bilduk. Une horretan Udaltzaingoak Udalbatzarreko aretotik zenbait pertsona kanporatu ditu aulkitik altxatu eta pribatizazioaren aurkako kartelak erakutsi dituztenean. Udalbatzarrak ez du mozioa onartu.

Presoen eskubideak

Bertan behera geratu da presoen eskubideak aintzat hartzeko eskaria. EH Bilduk preso politikoen eskubideak bermatzeko eskatu duen mozioak ezezkoa jaso du EAJ, PSE eta PP partiduengandik.

Dispertsioa Amaitu! hiri dinamikak elkarretaratzea deitu du eguerdian udaletxeko eskaileretan Osoko Bilkuran presoen dispertsioaren kontrako mozioari elkartasuna adierazteko. `Dispetsioa amaitu!´ dinamikako kide den Xabier Oiarzabalek adierazi duenez, EAJk eta PSE-EEk jarrera "ezkorra eta kontrakoa" agertu dute, eta gaineratu du "ez dutela inolako ahaleginik egin presoei biziarazten dieten egoera eta giza eskubideen urraketa salatzeko". Bestalde, dinamika hiritarrak eskertu du EH Bilduk izan duen jarrera saiatu delako mozioa aurrera ateratzen eta alderdi politiko guztien artean adostasuna lortzen.