Bilboko kultur jarduera bateratu nahi duen web gunea

uriola.eus 2014ko eka. 27a, 14:27

Bizkaiko hiriburuko kultur jarduerak tresna berria dauka Interneten: Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak abiarazi duen www.bibaokultura.net ataria, musikarekin, dantzarekin, arte eszenikoekin, artearekin, literaturarekin eta abarrekin zerikusia duten kultur jarduerei buruzko informazioa sistematizatu, antolatu eta erraztea xede duena.

Ataria erreferentziazko agenda birtuala bihurtzeko asmoz sortu da, tankera eta adin guztietarako kultur eta aisia arloko alternatibak bilatu eta aukeratzeari dagokionez, eta erabilerraztasuna eta argitasuna dira, zalantzarik gabe, tresna berri honen alderdirik nabarmenenetakoak.

bilbaokultura.net ez da mugatzen Udalak eta honen menpeko erakundeek antolatutako ekitaldien berri ematera, baizik eta antzoki, zinema eta areto pribatuek eta Hirian dauden kultur elkarteek sortutako jarduerak ere biltzen ditu, euskaraz eta erdaraz. Beste abantaila bat da, etengabe eguneratuta egoteko eskaintzen duen aukera, edozein aldaketa, deuseztatze edo azken orduko deialdiren berri eman ahal izateko. Hilabeteko agenda osoa pdf formatuan deskargatu ahal izango da une oro.
 
Honela, atari berria Bilboko publikoaren esku dagoen kultur agendarik osotuena eta irisgarriena bilakatu da, irizpide desberdinetan (data, jarduera-mota, hizkuntza, adina, egoitza, etab.) oinarritutako bilaketak egiteko aukera eskaintzen baitu. Egutegia, prezioak eta ordutegiak bezalako oinarrizko datuei buruzko azalpen guztiez gain (doako deialdien bilaketa ere egin daiteke), bibaokultura.net-ek Bilboko kultur eragile desberdinen orrialdeetarako sarbidea ematen du.
 
Era berean, Atariak albisteei eta efemerideei zuzendutako atalak ditu, eta aukeratutako bideoen sailak Bizkaiko hiriburuan egindako edo egin beharreko jarduerak biltzen ditu, hala nola, maiatzean egindako FANT Zinemaldi Fantastikoa, Clown Zorrotza eta Zirkualde jaialdiak edota Miserikordia Etxerako bisita gidatuak, besteak beste. Ildo horretan, webguneak, hirian egindako kultur bizitzaren ikustentzunezko testigantza iraunkorra eskainiko du.

Sare sozialetako presentzia
Ekimena bultzatu duen Kultura eta Hezkuntza Sailak sare sozialetako presentziaren aldeko apustuari eutsi dio, norabide bikoitzeko komunikazioa ezarri eta herritarren partaidetza sustatzeko asmoz. Horren haritik, kultura molde desberdinak kontsumitzen dituztenekiko elkarreraginak publikoa hobeto ezagutu eta lotura berriak eta zuzenagoak ezartzea ahalbidetuko du Facebook, Twitter, Youtube eta Flickr-en bitartez, horiexek baitira oraingoz atari berriarekin lotuta dauden lau sareak. Horien bidez, ekitaldi nabarmenenetako argazki-galerietara sartzeko aukera ere izango da.
 
Hitzaldiak, kontzertuak eta zinema eta antzerki emanaldiak bezalako jarduera zehatzez gainera, www.bilbaokultura.net-ek Bilbon egiten diren kultura arloko jarduera nagusietarako sarbidea ere ematen du, zinema jaialdiak (ZINEBI eta FANT) eta arte eszenikoetako jaialdiak (Bilboko Kalealdia eta BAD) eta udal kultur erakundeek –Arriaga Antzokia, Bilbao Arte, Bilbao Musika, Bilbo Rock, AlhóndigaBilbao eta Bilbao 700– sortutako jarduerak barne hartuta.
 
Era berean, Udal Artxiboa, tokiko ondarea sustatzea xede duen Bilbao Izan ekimena, Udal Liburutegiak eta literatura nahiz zientzia eta giza-ezagutza dibulgatzea helburu duen Bidebarrieta Kulturguneari buruzko informazioa eskuratzeko aukera eskainiko du, barrutietako kultur programazioari buruzko informazio barne. Ildo horretan, Ataria auzoetan garatzen den kultur jarduera zabaltzeko asmoz ere sortua da, auzoetako ekitaldiek ez baitute lortzen hedabideetan Hiriaren erdiguneko ekitaldien oihartzun berbera.
 
Aurkezpena egin den unean, www.bilbaokultura.net-ek uztailerako programatuta dauden 236 ekitaldi bildu ditu. Horietatik 88 kultur jarduerak dira, 94 erakusketak, eta 55 ikastaro eta lehiaketak. Urtean zehar, hilabete desberdinetako jarduera-kopuruak ekar ditzakeen aldaketa guztiak gogoan hartuta, Atarian, batez beste, 200-500 deialdi ingururi buruzko fitxak txertatzea aurreikusi da.
 
Atari berriak Bilboko Udalak plazaratu ohi duen papereko kultur agenda bildu eta osatzen du: 21.000 ale guztira, hiri osoko 900 bulego, udaltegi, kultur zentro eta ostalaritza-establezimenduren artean banatuta, ohiko postaz igortzen diren 3.000 aleez gainera. Kultur informazio guztia diseinu argiko eta erabilera errazeko Interneteko tresna berri horretan izateak ahalegin editorial hori eta horren ondoriozko paper-kontsumoa murrizten lagunduko du apurka-apurka, eta litekeena da, gerora begira online informazioak inprimatutako bertsioa behin-betiko ordeztea.