Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi dira hiru abokatuak eta haiekin batera, Naia Zuriarrain, David Pla, Julen Zerain, Jose Domingo Aizpurua, Saioa Agirre, Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondok epailearen aurrean deklaratu beharko dute uztailaren 23an. Era berean, 3.000 euroko bermea eskatu diete.
Bermudez magistratuak ETAko kidea izatea egotzi die akusatuei eta argudiatu duenez, "presoak talde terroristarekin zuten lotura sendotzeko eta mendekotasuna bultzatzeko" lan egiten zuten "bisitetaz baliatuz". Bere hitzetan, Halboka taldeko kideak izan ziren 10 lagunak, "ETAko presoekin eta preso ohiekin zerikusia duen guztiaz arduratzen dena".
Arantza Zulueta 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zuten EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldearen kontra eginiko polizia operazio batean. Geroztik isolamendu egoeran egon da eta martxoan, Estremerako (Madrid) espetxetik Puerto IIIra (Cadizera) urundu zuten. Aurretiaz ere preso egondakoa da Zulueta; 2010eko apirilean euskal preso politikoen abokatuen aurka egindako operazioan atzeman zuten, baina baldintzapeko askatasunean kalera atera zen. 2011ko uztailaren 14an, Grande Marlaska epaileak behin-behineko espetxe zigorra ezarri zion talde terroristako kide izatea leporatuta; eta urte bereko irailaren 14an, aske utzi zuten Zigor Salak Grande Marlaskaren erabakia atzera dota ondoren.
Naia Zuriarrain 2002an atxilotu zuten lehenengoz Lourdesen, ETAko kidea izatea egotzita. Frantzian jarritako zigorra bete ondoren, aske geratu zen 2008ko apirilean. Bigarrenez 2010eko apirilean atzeman zuten, abokatuen kontra Bilbon egindako sarekadan. 2011ko martxoaren 3an aske geratu zen bere senideek 60.000 euroko bermea ordaindu eta gero. 2014ko urtarrilaren 16an Auzitegi Nazionalean inputatu gisa deklaratu zuen, EPPK-ko bitartekarien atxiloketen sumarioaren barruan eta baldintzapean aske geratu zen.