"Denok batera ez badugu lanik egiten, ezinezkoa izango da euskara Justizian normalizatzea"

Izar Begoña, abokatua 2014ko uzt. 3a, 13:25

Justizia euskaraz, zergatik ez? Bizkaiko Bazkuneko Abokatu Euskaldunen Batzordeak galdera horri erantzun nahi izan zion ekainaren 27an eta horretarako, jardunaldi bat antolatu zuen Praktika Juridikorako Eskolarekin batera.

Euskaldunok, atzerritar sentitzen gara auzitegietara jotzen dugunean, izan ere, gure jatorrizko hizkuntzan aritu nahi dugunean, itzultzaile eta itzulpenen bitartez espresatu behar gara”. Hitz hauekin hasi zen jardunaldia ekainaren 27an.

Hizlari guztiei galdera bera egin zitzaien: zer da beharrezko epaiketa osoa euskaraz egiteko (itzultzailerik gabe) eta zer arazo ikusten duten hori gauzatzeko?

Abokatu eta hiritarrek euskarazko eskaera gehiago egin behar dituzte” Jone Agirreren aburuz. Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegiko Zigor eta Zibil arloetan, idazkari judizialarentzat hori da beharrezko Justizia euskalduntzeko. Horrez gain, datu konkretuak eman zituen Justizian aritzen ziren langile euskaldunei buruz: 23 magistratu, 23 idazkari judizial eta 22 fiskal. Datu hauek "asko ematen badute ere, "oso gutxi da", kontuan harturik Bilbon, bakarrik Zibil arloan, 13 epaitegi daudela. Agirrek joan den urtarrilean Azpeitian abian jarri zen eta beste barruti batzuetara zabaldu den proiektua ere aipatu zuen. "Epaitegien zitazioetan galdetzen hasi dira zer hizkuntzetan nahi duten hitz egin. Bake epaile eta erregistroetan euskaraz asko aurreratu da. Eta hainbat esperientzia piloto egin dira nahiz eta etsituak izan".

Bizkaiko Probintziako Entzutegiko Fiskaltzatik, aldiz, Leire Unzuetak zera azalarazi zuen: euskararekiko egoera eta jarrera "asko hobeto dela", nahiz eta euskara juridiko teknikoarekin "arazo batzuk" izan. Hau hobetzeko, ikastaro batzuk eta beraz, laguntza ekonomikoen beharra azpimarratu zuen. Horrez gain, ikasketak euskaraz egin dituzten ikasleak oposaketak egitera animatu zituen.

Justizia langileen LAB sindikatuaren ordezkariak, Loreto Cabo Maguregiren ustez, "legeak aldatu, kanpainak sortu, eta erabaki politiko ausartak" hartu beharko liratekeela uste zuen. Hau da, botere politikoen aldetik hizkuntzaren normalizaziorako "benetako asmo eta estrategien beharrak" ikusten ditu eta horretarako, Justizian euskaraz aritzen diren langileei "tresna egokiak, formazio jarraitua eta euskaraz ikasteko erraztasuna" eman beharko litzaieke.

Lehenengo Zigor arloko Bizkaiko Probintzia Entzutegiko Magistratuak, Juan Manuel Iruretagoienak ere, Jone Agirrerekin bat egiten zuen, hau da, Justizian "euskarazko eskaera gehiago" behar zirela, "eskaera masiboak", izan ere, Botere Judizialaren Lege Organikoak berak, gaztelaniari lehentasuna ematen baitio. Horrez gain, epaiketan "parte-hartzaile guztiek euskaraz jakin beharko luketela uste du, lekukoek barne".

Abokatu Euskaldunen ikuspuntua adierazteko, Jaime Elias etorri zen. Bere aburuz, abokatuek bere bezeroa ahalik eta hobekien defendatu behar dute eta horretarako, zintzoa izan behar du bere bezeroarekin. Hortaz, "euskaraz hasten bada justizia eskaera, gaztelaniaz baino denbora gehiago luzatuko zaiola azaldu behar dio bezeroari" (denbora bikoiztu egin daiteke). Horrez gain, atxilotu batek euskaraz deklaratu nahi badu, itzultzailea etorri arte itxaron beharko du eta beraz, ziegan denbora gehiago itxaron beharko luke eta beraz, bere eskubideak tematurik izango lirateke.

Hizlarien iritzien ondorioz, debaterako aukera zabaldu zen, han, denen artean, ondorio hauetara heldu ziren:

Atzerapausoak

Duela urte batzuk auzitegietan “euskararen trebatzaileak” egoten ziren, hauek, epaiketa bat euskaraz zegoenean, alderdi guztiak, itzultzailea barne, koordinatzen saiatzen zen. Lehen, 14 trebatzaile zeuden, egun 2 baino ez.

Gaur egun, abokatutzan jarduteko master bat burutu behar da nahitaez hezkuntzan eman ziren aldaketen ondorioz. Masterra, egun, Euskal Herriko Unibertsitateak ez du euskaraz eskaintzen, gaztelaniaz baino ez dago.

Etorkizunerako ideia berria

  • Justiziako langileen euskarazko elkarte bat sortzea "oso baliogarria" litzateke auzitegien barne euskara bultzatzeko.
  • "Zerrenda bat egitea" euskarazko Justiziako langileekin, nortzuk diren jakiteko eta haiengana euskaraz jo ahal izateko. Hauek txarteltxoekin e.a. identifikaturik egotea. Eta Justizian aritzen diren agente guztiak elkartu eta harremanak zabaltzea. Hau da, sare bat sortzea.
  • Justiziako langileentzat (epaile, fiskal idazkari e.a.) euskaraz jakitea "betebeharrezkoa egitea". Legez ezarririk.
  • Euskal Herria estatu espainiarraren legeditik "kanpo geratu behar da". Izan ere, Espainiako legediak Espainiako eskubideak eta ideiak hobesten dituelako eta beraz, ez du euskara behar bezala babestuko, aitzitik, euskararen kontra joko duelako.
  • Azken ondorio bezala, zera aipatu daiteke: "Denok batera ez badugu lanik egiten, ezinezkoa izango da euskara Justizian normalizatzea".