uriola.eus

‘Formula Student Bizkaia’ taldea munduko unibertsitate onenen aurka lehiatuko da

  Kirolak  Bilbo
Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko 60 ikasle eta irakaslek osatutako “Formula Student Bizkaia” lantaldeak monoplaza elektrikoa diseinatu, muntatu eta egokitu du uztailaren 10etik 23ra bitartean jokatuko den unibertsitate arteko automobilgintza arloko nazioarteko proba ospetsuan lehiatzeko.

Mundu osoko unibertsitateekiko lehia horrek monoplaza bat diseinatu, garatu, eraiki eta pilotatzeko trebetasunak frogatzera behartu ditu. Asteburu honetan bertan 1 Formulako izar handiak bilduko dituen Ingalaterrako zirkuitu mitikoan, Ross Brawn gisako industriako izen handiek, Mercedes, Ford eta Land Rover bezalako enpresetako ingeniari-buruek eta automobilgintzaren arloko adituek mundu osoko unibertsitateetatik igorritako 120 monoplaza inguru epaituko dituzte. Horretarako, monoplazen diseinua, garapena, marketinga, eraikuntza eta pilotatzea bezalako alderdiak ebaluatuko dituzte, zorroztasun handiko proba estatiko eta dinamikoen bitartez.

Zazpigarren urtez jarraian, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak Euskal Herriko Unibertsitatearen pabiloia defendatuko du, eta bere helburua aurreko edizioetan lortutako emaitzak hobetzea izango da, lehiaketako proba guztiak burutzea eta Estatu mailako unibertsitateen artean izaten diren antzerako probetan egotea. Iaz, Eskolak garaipena lortu zuen lehiaketako norgehiagoka batean, mundu osoko 110 unibertsitateri aurrea hartuz eta bertako ikasleen potentziala frogatuz. Beraz, oraingo helburua, aurtengo denboraldiko lehia gogorrean ezarritako erreferentziazko mailako mantendu eta gainditzea da.

Monoplaza berria, formula berria

Formula Student Bizkaia taldeak aurkeztutako hirugarren monoplaza elektrikoa da. Motor elektrikoa du eta bigarren urtez, euskal taldeak era horretako ibilgailu bat eramango du Silverstone-ra, propultsio elektrikoaren aldeko apustuari eutsiz. Bateria sistema propio baten garapena izan da gehien landu duten alderdietako bat, ikasleek diseinatu baitute oso-osorik, fidagarritasuna maximizatu eta, aldi berean, pisua murrizteko asmoz. Horren emaitza, 80 kWeko motor elektriko baten abantailak optimizatu eta lau segundotan gehieneko abiadura hartzea ahalbidetzen duen trakzio-sistema sendoa da. Aldi berean, karbono-zuntza bezalako material berrien sarrerak monoplazaren pisu osoa dexente murrizten lagundu du. Material horrekin lan egiten eta osagaiak diseinatzen ikasteko, ingeniaritza, saiakuntza eta ikerkuntza arloko lan-ordu asko egin behar izan dituzte, baina ahalegin horri esker, ibilgailuaren pisu osoa %25 murriztea lortu dute, iaz aurkeztutako monoplazaren aldean. Pisu-murrizketa hau giltzarrizkoa da ezaugarri dinamiko egokiak lortzeko.

Egutegia eta proba motak

FSB2014 monoplaza elektrikoa ferry batean ontziratuko dute asteburuan, Ingalaterrara eramateko asmoz. Taldeko 25 kide Silverstonera abiatuko dira asteartean, uztailak 8, eta ostegunean, hilak 10, lehiaketari hasiera emango zaio, ibilgailu parte-hartzaileei egin beharreko hainbat proba estatikoren bidez. Aurreko edizioan bezalaxe, lau kontinentetako unibertsitateetatik etorritako 120 talde inguruk parte hartuko dutela aurreikusi da.

Azken klasifikazioa hainbat probekin lortutako emaitzekin neurtzen da, estatikoak nahiz dinamikoak. Lehen kategorian, arau teknikoen eta segurtasunaren test zorrotz bat egiten da, eredu elektrikoen urarekiko erresistentzia espezifiko baten entsegua, zarataren neurketa, balazta azterketa eta ibilgailuak likidorik ez duela galtzen ikusteko, eta bihurgune handietan egonkortasuna ondo mantentzen duela ikusteko, inklinazio probak egiten dira.

Ibilgailu bakoitzaren diseinuaren ezaugarrien galdeketa zorrotza egiten da ere proba estatikoen barne, ezaugarri ekonomikoena eta jasangarritasunaren ingurukoa, produktuaren Negozio Plan baten aurkezpenarekin batera, bideragarritasunaren eta errentagarritasunaren premisatan oinarrituta. Horren bidez, monoplazaren merkaturatzean oinarritutako negozio-asmoa aurkeztu behar da, proposamen onenari laguntza ekonomikoa emateko prest dagoen inbertsiogilearen papera egin behar duen epaimahai baten aurrean. Orokorrean, proba horiek guztiak, automobilgintzaren arloan esperientzia handia duten epaileek ebaluatzen dituzte, eta ebaluatu ez ezik, ezaguerak eta gomendioak partekatu ohi dituzte epaitutako taldeekin.

Proba estatikoak gainditzen dituzten ereduak, proba dinamikoak egitera pasatzen dira, ostiralean hilak11ean hasiko direlarik. Hauek, martxaren ariketak egin beharko dituzte, alde batetik suspentsioa, direkzioa, maniobrak egiteko gaitasuna eta bihurgunetan nola moldatzen diren aztertzeko. Jarraian, larunbata uztailaren 12an, abiadura proba egingo da, zirkuituari itzuli bat egiteko behar duten denboraren arabera klasifikatuko direlarik taldeak.
 
FS Bizkaia taldeko ikasleen artean aukeratutako sei pilotu

Endurance” izeneko “proba nagusia” igandean jokatuko, uztailak 13, eta ingelesezko izenak iradokitzen duen bezalaxe, monoplazen iraunkortasuna egiaztatzeko diseinatu da. Ibilgailuek 20 kilometroko ibilbidea egin behar dute Silverstone-ko pistan, ibilgailuaren ezein parametro aldatzeko aukerarik gabe eta pilotu-aldaketa bakarra egiteko baimenaz. Oso gutxi dira proba zorrotz eta gogor hau osatzeko gai diren taldeak.

Test honek Formula Student Bizkaia taldeak egindako urtebete inguruko lana probatuko du, eta pilotuen aukeraketa garrantzi handikoa izango da horretarako. Lau pilotu titularrak eta ordezko biak, taldeko partaideek aukeratutakoak dira, hautagaitza honetarako hogei aurkeztu baziren ere. Aukeratutako pilotuek ere proba teorikoak gainditu behar izan dituzte simulagailu batekin, kart bat gidatuz eta azkenik, FSB2014 ibilgailuan.
 
Taldearen antolaketa

“Formula student” edizio berri honetarako Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak garatutako proiektuak, 80.000 eurotako aurrekontua izan du, piezak eta osagarriak erosteko, izen-emate kostuak, monoplazaren garraiorako, etab…

Zereginak koordinatu eta kudeatzeko, Formula Student Bizkaia hainbat lan-taldetan banatu da: suspentsioa, xasisa, cornerrak, karrozeria, motorra, transmisioa eta antolaketa. Talde bakoitzak arduradun bat izendatzen du, eta honen lana Financial Managerrak (Libe Olave, alderdi ekonomikoan), Technical Managerrak (Andoni Calvo, alderdi teknikoan), eta Team Leaderrak (Hugo Aristegi, taldearen ordezkari goren gisa) gainbegiratzen dute. Azkenik, Charles Pinto, Javier Corral eta Asier Zubizarreta irakasleak aurreko guztiak gainbegiratzeaz arduratzen dira.

Parte-hartzea erabat borondatezkoa da, eskola-orduetatik kanpokoa, eta parte-hartzaileek ez dute ezein ordainik jasotzen, ingeniaritzako ikasleei lan-munduan eskatuko zaizkien ezagutza teknikoak, finantzarioak eta antolaketa-arlokoak praktikara eramateko aukera eskaintzea xede duen proiektu honetako kideak izateagatik.

Hori guztia, Formula Student Bizkaia proiektuari eusten dioten babesleen laguntzaz eta lankidetzaz egin ahal izan da. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, UPV/EHU eta AIC-Automotive Intelligence Center, Gestamp, Sener, Brammer eta Vicinay enpresak ditugu babesle horietako batzuk, beste hogeita hamar bat konpainia komertzialekin eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoarekin batera.
 
Formula Student lehiaketaren historia: pilotu-taldeen etorkizuneko ingeniariak

1981ean, Society of Automotive Engineers SAE-k sortu zuen 'Formula SAE', munduko unibertsitate guztietako 140 taldeekin osatutako lehiaketa, gaitasunak proban jartzeko helburuarekin. 1998an, amerikar unibertsitateetan europar ikasleek egindako bi ibilgailuk parte hartu zuten erakustaldi bat antolatu zen Erresuma Batuan. Erakustaldiak izan zuen arrakasta ikusirik, Institution of Mechanical Engineers IMechE-k, Formula Student sortu zuen, SAE eta Institution of Engineering & Technology IET-ren lankidetzarekin. Orduz geroztik, urtero egin da proba eta azkenengo sei urteetan, Silversone zirkuituko asfaltoan. “Formula Student”, automobilgintza sektoreko erreferentzia bihurtu da urtez urte, eta bereziki, lehiaketa munduan. F1-eko ingeniariak, pilotuak eta pilotu-taldeen zuzendariak aurkitzen dira bertan, ikasketak, automobilgintzara bideratu nahi duten ingeniaritzako ikasleen erakusleihoa bihurtu den ekimena eta pilotu-taldeetako etorkizuneko teknikarien harrobi bihurtu den ekimena dugularik egun.

2006an hasi zuen bere ibilbidea FS Bizkaiak, Eskolako Mekanika Ingeniaritza Saileko proiektu berri bat bezala. Prestaketa eta ikerketako bi urteren buruan, 2007/2008 denboraldian lehen eredua jaio zen, aste honetan bere zazpigarren edizioa izango delarik

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa