Operazio honek irabazi nabarmenak sorraraziko dizkio berau kudeatuko duen Astarloa Gardoki S.L enpresari. Bulego zirenak Etxebizitza bihurtuko dituzte operazio honen bidez, baina ez dute inolako asmorik jasoko dituzten mozkinen %15 udalari emateko.
Hau guztia, gainera, udalaren beraren baimenarekin. Bilbotarrontzako horren kaltegarri izango ez den moduan bideratzeko aukera izanik, ezin ulertuzkoa eta ezin onartuzkoa da haren portaera. Legeak lagatako zirrikituak baliatuko ditu, zertarako eta Gardoki Astarloa S.L enpresa betebehar publikoez salbuesteko. Eta Iberdrolaren lehengo egoitzan luxuzko etxebizitzak eraikitzeak ekarriko dizkion irabazien %15 udalari eman behar ez izatea ahalbidetzeko.
Aspalditik datorren kontua da hau. Abandoibarrako Iberdrola dorrea eraikitzeko egin zuten operazioaren beste atal bat baizik ez da. Operazio hura ere guztiz kaltegarria gertatu zen bilbotarrontzat. Zortzi urte geroago, 25,5 milioi euroko zorra eragin zion udalari, hau da, bilbotar guztioi.
Gardokiko operazio hau Iberdrola dorrearen operazioaren beste atal bat baizik ez dela diogu, izan ere, duela urtebete, joan zen uztailean oharkabean pasarazi nahi izan zuten udalbatzar bat egin zuen udalak (oharkabean pasarazi nahi izan zuten Iberdrolari 12 milioi oparitzea onartu baitzuten). Eta justu udalbatzarraren hurrengo egunean, hirigintzako aprobetxamendurako irizpideak aldatu zituzten ezkutuka, EH Bilduk proposatu bezalaxe. Irizpide horiek bilbotarron interesak kaltetu ez zitzaten aldatzeko proposatu zuen EH Bilduk. Helburu horrekin.
Aldaketa, alabaina, ez zen nahiko izan. Ebatzi gabeko zenbait kontu geratu ziren. Tartean, esku artean dugun arazoa eragin duena. Izan ere, eraikin bat Bulego erabileratik Etxebizitza erabilerara pasatzea ahalbidetzen du arau horrek, udalari dagokion irabazien partea ordaindu gabe. Hau da, %15 ordaindu gabe; alegia, irabaziak sorrarazten dituen erabilera aldatzeko gainerako operazioetan ordaintzen dena ordaindu gabe.
Honi gehitu behar zaio zehaztu gabe dagoela, halaber, zein modutan konpentsatuko dioten gisa horretako operazioak gauzatzen dituzten enpresek udalari edota administrazioari. Hau da, erabaki gabe dago enpresa hauek egin beharreko horniketa mota eta haren zenbatekoa.
Kasualitatea da hau guztiau? Argi eta garbi, EZ. Salatzen ari garenaren moduko operazioen bitartez, zein ateratzen da galtzaile? Bilbotar guztiak, zalantzarik gabe. Eta zein irabazle? Bada, enpresa jakin batzuk. PNVren inguruko enpresa jakin batzuk, zehazki.
Zergatik diogu hau? Salatzen ari garen operazioa gauzatuko duen Astarloa Gardoki enpresaren jabeak ez dira edonor. Harreman oso on eta ugari dauzkate PNVren baitan. Jabe zireneko beste bi enpresaren bitartez (Umpro 2000 eta Balio Berri), Bakion eta Zorrotzan izaniko rekalifikazio batzuekin etekinak atera izana egotzi zieten 2006an.
“Herritarrak atera gara galtzaile beste behin ere, PNVren inguruko enpresen mesedetan”
• EH Bildu ez dago eraikinen erabilerak aldatzearen aurka, baina Astarloa Gardoki enpresak dagokiona ordaindu dezala exijitzen dugu, mozkinak sorrarazten dituen edozein operazioren aurrean gainerako enpresek eta oro har herritarrok egiten dugun bezalaxe.
• Gardokiko eraikinaren fatxadaren arazoa eta haren ondoriozko eraistea garrantzia gabeko gai gisa aurkeztu zuen udal gobernuak Hirigintzako Aholkularitza Batzordean, benetan ezkutatzen duen operazio espekulatiboa oharkabean pasarazteko helburuarekin. Eta argi eta garbi esan behar dugu Gardokiko operazio hau Iberdrola Abandoibarrako dorrera eramateko operazio kaltegarriaren beste atal bat dela. Aurreko horrek 25,5 milioi euroko zuloa eragin digu bilbotarroi, zortzi urte geroago.
• Beste behin ere herritarrak atera gara galtzaile, PNVren inguruko enpresen mesedetan. Ezin onartuzkoa da herritarrontzako horren kaltegarria den moduan jokatzea Udalak. Ezin ulertuzkoa da Udalak interes publikoaren aurka egitea, ez bada beste interes mota batzuk dauzkala; esate baterako, haren alderdiko enpresei mesede egitea.
• Iberdrola dorrea bera eta haren eraikuntzan izaniko ilunkeria zein multinazionalaren egoitza ohian luxuzko etxebizitzak eraikitzeko honako operazioa PNVk azken 30 urteotan politika ulertzeko eta egiteko izan duen moduaren adibide argia dira. Kapital handiekiko lagunkoia eta otzana den politika, eta PNVren inguruko enpresekin guztiz permisiboa eta emana dena.
• Beraz, kudeatzaile ona eta interes publikoaren berme da PNV, behin eta berriz asperduraraino errepikatzen diguten bezala? Argi eta garbi, EZ.