Bilboko Udal Liburutegien Sareko fondo digitalen gordetegiko agiriak Europeana atarian daude jada. Europeana atarian Europar Batasuneko 27 estatu kideetako 29 milioi dokumentuen funts digitalizatuen erreferentziak jasotzen dira eta horrela, 45 hizkuntzatan dauden liburuak, filmak, pinturak, soinu-fitxategiak, mapak, eskuizkribuak eta bestelako artxiboak eskuratzea erraztu egin da. Are gehiago, Europeana erabilita, Bilboko Liburutegi Digitala denik ere ez dakitenek, edozein lekutatik bilatzen ari direnaren erreferentziak aurkitzeko eta gordetegiko agiri digitala eskuratzeko aukera dute. Une honetan, esaterako, funts zaharreko eta Bilbori buruzko funtseko 180 liburu, Juan Crisostomo de Arriaga musikari bilbotarraren 32 partitura eta Bilboko aldizkarien 4 titulu daude.
Urtebeteko ibilbidea
Bilboko Liburutegi Digitala, duela urtebete pasatxo hasi zen liburutegiko ondare bibliografikoari zabalkunde handiagoa emateko eta Udalaren gordetegi tematikoa izateko, horrela, Bilbori buruzko informazioa jaso eta eskuratzea ahalbidetuz. Halaber, Europeana atariaren bidez eskuragarri jarrita liburutegia eta toki mailako funtsak ezagutaraztea izan da proiektuaren beste helburuetako bat. Agiri digitalen bilduma handitzen joango da apurka-apurka, funts zaharreko lanak eta, batez ere, Bilbori buruzko funtseko lanak sartuko baitira.