Manifestazioaren deitzaileek azaldu dutenez, joan den uztailaren 7tik, Gazako palestinarrak "Israelgo estatuaren erasoen biktimak dira berriz ere, okupazio indar sionista behin eta berriz hauen kontra burutzen ari den bonbardaketengatik". Hildakoak 225 baino gehiago dira, Israelek Hegi babesgarria operazioa hasi zuenetik eta 1.550 zaurituak; "palestinar herria zigor kolektibo bat ari du sufritzen, ehunka atxilotu, etxe erausketak, etxeratze-aginduak eta kontrol militarrak areagotuz, asentamendu ilegalen eta kolono kopurua zein apartheid Harresiaren hedapena handitzen diren heinean".
Euskal Herriko goizeko 09:00etan hasi da Nazio Batuen Erakundeak proposatutako eta Israel zein Hamasek onartutako su-etena. Bost ordukoa izango da (Euskal Herriko 15:00ak arte) eta denbora tarte honetan, zaurituak Gazatik atera eta laguntza humanitarioa eramateko aukera egongo da.
Herri palestinarraren kontra Israelek ezarritako apartheid sistema eta Gazan burutzen ari den heriotzak salatzeko, Euskal Herriko hainbat gizarte eragilek manifestazioa egingo dute gaur, 19:00etan, Arriagatik hasita. Deitzaileen esanetan, "Israelek Palestinako okupazioari amaiera emateko, errefuxiatu palestinarren itzulera eskubidea onartzeko eta palestinar-israeldarren berdintasun eskubidea bermatzeko tresna eraginkorrena Israeli boikota egitea, desinbertsioa eta zigor kanpaina (BDS) egitea dela" azpimarratzen dute. Honegatik, euskal gizarteari kanpaina honi babesa emateko deia luzatzen diote, Israelgo apartheida Euskal Herrian ez normalizatzeko.