Segurtasun uhalaren erabilera sustatzeko kanpainak abiatuko ditu Bilboko udaltzaingoak

uriola.eus 2014ko uzt. 21a, 08:21
Iturria: http://www.letramedia.cl/

Kontrolak gaur hasiko dira eta hilaren 27ra arte iraungo dute bidaiariek segurtasun-gailuak modu egokian erabiltzen dituztela baieztatze aldera.

Astebetez Bilboko Udaltzaingoak trafikoa kontrolatzeko kanpaina bat egingo du, EAEko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan. Agenteek ohiko kontrolak sendotu eta segurtasun-uhalaren erabilera eta Bide Segurtasuneko Legean umeak lotzeko jasotzen diren gailu guztien erabilera zaindu eta kontrolatuko dute, eta ibilgailuko gidariek eta aurreko eta atzeko aldean doazen bidaiariek segurtasun-gailuak modu egokian erabiltzen dituztela baieztatuko dute. Izan ere, gailu horiek erabiltzea derrigorrezkoa da eta Legeak beren beregi arautzen du erabilera hori.

Martxoko balantzea

Aurtengo martxoan egindako kanpainetan, Bilboko Udaltzaingoak 22 kontrol egin zituen guztira 23.312 ibilgailuri. Horietako 64ri (% 0,27) salaketa ipini zien: 12ri gidariak uhala jarrita ez eramateagatik, hiruri aurreko eserlekuko bidaiariak uhala jarrita ez eramategatik, eta 49 beste batzuengatik.