Uztarketarako Baliabideen Mapa, Bilboko baliabide publiko eta pribatuak ezagutarazteko tresna

uriola.eus 2014ko uzt. 23a, 08:33

Bilbotarren egunerokotasuna hobetzea du helburu eta 357 baliabideri buruzko informazioa jasotzen du mapak, horietako 114 adingabekoen zaintzarako dira, 32 premia bereziak dituzten adingabeentzat, 142 pertsona nagusientzat eta 69 premia bereziak dituzten pertsona nagusientzat.

Bilbotarrek bizimoduaren kalitatean eragin positiboa duen informazio zuzena, doakoa, benetakoa eta zehatza izan dezaten egin du Uztarketarako edo Kontziliaziorako Baliabideen Mapa hau Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak. Denbora hobeto erabiltzeko aukerak ezagutarazi nahi ditu, eta horretarako, dauden baliabideei buruzko informazioa ez ezik, zerbitzuei, programei, arautegiari eta Bilbo osorako lotura interesgarriei buruzko informazioa ere eskainiko du.

Sailak berak Bilboko emakumeen eta gizonen denboraren erabilerari buruzko azterlana egin zuen 2012an; diagnosi-lan horretan, agerian geratu zen, maila indibidualean eta eguneroko bizimoduan, emakumeek gizonek baino denbora gutxiago dutela euren gustuko jarduerak egiteko, ordu gehiago ematen dituztelako egunero pertsonak zaintzen eta etxeko zereginetan. Kontziliaziorako Baliabideen Mapan, “aisia partekatua”ri buruzko informazioa ere badago, pertsona guztiek aukera izan dezaten aisia partekatuaz gozatzeko, adinekoen eta adingabeen artean, familien artean, pertsona autonomoen, ezgaitasunak dituztenen edo mendekotasuna dutenen artean.

Haur parkeen eta edozeinentzako berdeguneen berri ematen zaigu mapan, ariketa fisikoak egiteko adinekoentzako tresna egokituak eta kirol ekipamenduak dituztenak; era berean, maskotak aske ibiltzeko aukera ematen duten esparruak ere ageri dira.

Kontziliaziorako baliabideen mapa “bizia”

Une honetan hirugarren sektoretik eskaintzen diren zerbitzu, programa eta baliabide publiko zein pribatuei buruzko informazioa eskaintzen bada ere, asmoa da baliabideen maparen barruan sektore pribatuan eskura dauden baliabide bereizgarriak ere jasotzea, betiere baliabide horiek eguneroko bizitzako zereginak errazten dituztenean eta helburu dutenean kontziliazioaren bidez, pertsonen bizimoduaren kalitatea hobetzea. Une honetan webgunean eskaintzen diren baliabideak hurrengoak dira: aisia partekatua, adingabeak, premia bereziak dituzten adingabeak, premia bereziak dituzten adineko pertsonak, eguneroko zereginak eta denbora bankuak.