Aste Nagusia 2014

Antzerki eskaintza zabala Aste Nagusian

uriola.eus 2014ko abu. 18a, 16:20

'Cabaret Chihuahua'ko lantaldea (Arg.: Irene Bau)

Bilboko Aste Nagusian, urtean zehar antzokietara hurbiltzen ez den jende asko joaten da antzezlanen bat edo beste ikustera. Azken urteetan obra komertzialak programatzeko joera handia bada ere, denetariko lanak ikusi daitezke irailaren erdialdera bitartean.

Erdigunetik urrun egon arren, Deustuko Erriberan dagoen Pabellón 6 aretoak laugarren urtez Aste Nagusiarekin batera ekingo dio denboraldi berriari. Pabellón 6-eko antzerki laborategitik atera diren bi lanekin hain zuzen ere. Jean Anouilhek idatzitako eta Ramón Bareak zuzendutako Orquesta de señoritas izeneko komedia melodramatikoa batetik eta aurreko urtean arrakasta handia izan duen Cabaret Chihuahua-ren bigarren denboraldia bestetik. Gainera, Naiel Ibarrolaren Tránsito: Ciudad Sonora P6 izeneko erakusketa ikusgai egongo da hilea bukatu bitartean.

Bilboko Arriaga Antzokian Secun de la Rosak idatzitako The Hole (Zuloa) lana egongo da irailaren 6ra bitartean. Kabareta, burlesquea, zirkua, musika eta umorea nahasten dituen obra honek arrakasta handia izan du beste hainbat hiritan eta aurreko urteetako joera errepikatzen bada aurten ere Arriaga bete egingo da.

Sala BBK aretoan bi lan ikusi ahal izango dira. Bata, Glu-Glu konpainiak ekoitzitako La Lechuga (abuztuaren 19ra bitartean) eta bestea, Santi Millán aktore katalanaren bakarrizketa. Azken urteetan bakarrizketek indar handia hartu dute eta Campos Elíseos antzokiak Goyo Jiménez artistaren By the way izeneko monologoa programatzea erabaki du abuztuaren 20ra bitartean. Ondoren klasiko batek hartuko du Bertendona kaleko oholtza, Gerardo Verak zuzendutako Miguel Mihuraren Maribel y la extraña familia lanak hain zuzen ere. 27tik 31ra bitartean Misión Florimón izeneko komedia ikusi ahal izango da. Irailean berriz, En el estanco dorado zein El hijo de la novia lanak ikusi ahal izango dira. Campos Elíseos antzokiko kupula aretoan gainera, Jamming konpainiaren inprobisazioetan oinarritutako lana eta David Ordinas eta Pablo Puyolek protagonizatzen duten Venidos a menos musikala ikusi ahal izango dira.

Euskalduna Jauregiko areto ezberdinetan bost pieza gehiago ikusi ahal izango dira. Los Miserables musikalaren gaztelerazko bertsioa (abuztuaren 21etik irailaren 6ra bitartean), Los Gavilanes zarzuela (abuztuaren 16tik 18ra bitartean), Carlos Hipólitok eta Luis Merlok protagonizatutako El crédito (abuztuaren 19tik irailaren 7ra bitartean), Bertín Osborne eta Paco Arévaloren El renovado show de 2 Caras Duras en Crisis (irailaren 11tik 14ra bitartean), Al final de la carretara (abuztuaren 21etik 24ra eta 29tik 31ra), A vueltas con la vida (irailaren 4tik 7ra) eta Confesiones de mujeres de 30 (Abuztuaren 15etik irailaren 14ra bitartean).