Telle eta Urtziri babesa agertu diete ehunka lagunek

uriola.eus 2014ko abu. 19a, 10:04

Grebalariak Aske herri-plataformak elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean, udaletxe aurrean, Urtzi eta Telleren egoera gaitzesteko. Bi gazteek 15 hilabeteko espetxe zigorrari aurre egin beharko diote 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean margoketa batzuk egiteagatik.

Jendetza bildu zen 18:30ean udaletxe aurrean, eta ordu erdiko elkarretaratzea burutu zuten. Bertan, plataformako kideek argi utzi zuten, agerikoa dela "ez dituztela desordena batzuk zigortu, baizik eta beste eredu sozioekonomiko baten aldeko borroka eta konpromisoa".

Margoketa batzuk egiteagatik bi gazte kartzelaratzea "bidegabekeria ikaragarria" dela azpimarratu eta gogora ekarri zuten epaia laster betearaziko dela Telle eta Urtzi espetxeratuz.

Plataformako kideek argi daukate, bi gazten kontrako epaia "sistema kriminal honen beste adibide bat" dela. Ondorioz, "horrelakorik berriro gerta ez dadin lan egiteko eta beste eredu sozioekonomiko baten alde borrokatzeko" deialdia egin zioten euskal jendarteari.