Udalak tasa eta zergak mantenduko ditu eta eutsi egingo dio jarduera ekonomikoak sustatzeko neurriei

uriola.eus 2014ko abu. 20a, 21:00

Bilboko Udal Gobernuak, datorren ekitaldiari begira, ez dio Udalbatzari inolako aldaketarik proposatuko Ordenantza Fiskaletan, eta 2015erako udal tasa eta zergak bere horretan utziko dira. Aldi berean, Udalak eutsi egingo dio 2012, 2013 eta 2014rako jarduera ekonomikoa bultzatzeko onartu zen zerga-neurri sortari.

Hiru urtez jarraian Udalak kudeatutako zergetan igoera bigunak izan eta gero, Udal Gobernuak 2015erako gaur onartu duen Ordenantza Fiskalen proposamenak aldaketarik gabe uzten ditu aipatu tasa eta zergak, uztaileko urtetik urterako KPIren bilakaerari (%-0,3 Estatuan, %-0,1 Erkidegoan) egokituta.

2015erako udal tasa eta zergen izozketak honako zerga hauei eragingo die, besteak beste, zeinak datorren urtean aldaketarik izan gabe ekonomiaren balizko berrabiatzea lagunduko dute:

- Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ)

- Jarduera Ekonomiaren gaineko Zerga

- Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga

- Establezimendu berriak irekitzeko Lizentzia

- Zaborren Zerga

- Hileta-zerbitzuengatiko Zerga

- TAO zerbitzuaren prezioak

- Bilbobus-en zerbitzuen prezioak

- Eraikuntza, Instalakuntza eta Obren gaineko Zerga

Aurreko ekitaldietan egin zen moduan, Bilboko Udalaren Udal Batzordeak Ordenantzen Fiskalei buruz gaur onartu duen proposamenak bere horretan uzten ditu berritze- eta berroneratze-obrei aplikatzen zaizkien zenbait udal zerga eta tasa, jarduera ekonomikoa bultzatzeko xedez, batez ere enpresa txiki eta ertainen eremukoei, ekonomiaren gorabeherek bereziki eragiten dien segmentua izanik –horra zuzentzen da jarduera ekonomikoaren alorrean Udalak egiten duen ahaleginaren zati eder bat.

Jarduera ekonomikoa sustatzea

Hori dela eta, udal kutxaren egoera onak eta zorroztasunean eta austeritate ekonomikoan oinarriturik Udala kudeatzeko egungo politikak aukera eman dute, krisi ekonomikoak jotako urte hauetan, neurri fiskal batzuk bultzatzeko jarduera ekonomikoa indartze aldera, eta neurri horiei eutsi egingo zaie 2015eko urte osoan.

Azpimarratzekoa da 2013an 836 enpresa berri sortu zirela neurri fiskal batzuk abian jartzearen ondorioz, 2012an baino %0,7 eta 2011n baino %12,8 gehiago, eta urte arteko hazkunde nabarmena izan dutela industria jarduerak (%44,1) eta eraikuntzak (%15,5). Era berean, 489 enpresa berri sortu dira 2014ko urtarril eta ekainaren bitartean, hau da, %2,5 gehiago joan den urteko tarte berean baino, eta horrek berretsi egiten du 2013an hasitako goranzko joera.

Ekonomia sustatzeko neurri fiskalak:

- Bilboko Udalaren Gobernu Batzordeak gaur Ordenantza Fiskalei buruz onartu duen proposamenaren arabera, bere horretan utziko da Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ); zerga horrek %1,47ko igoera izan zuen joan den urtean, 2009tik 2013ra igoera barik egon eta gero.

- JEZren kasuan, ekitaldi berean jardueraren alta eta baja gertatzen bada, kuotak hainbanatzeko aukerari eusten zaio.

- Eraikuntza, Instalakuntza eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) tipo orokorrak aldaketa barik segitzen du, %4an, eta tasa murritzak ere bai, %2,5ean.

- Halaber, obra, urbanizatzeko jarduera eta beste zerbitzu tekniko batzuei lotutako zerbitzuak emateagatiko Tasak %20ko murrizketarekin jarraitzen du.

- Enpresa edo profesionalen jarduerak gauzatzeko lokalak berroneratze, berriztatu edo egokitzeko obrak direnean, EIOZan aplikatzen jarraituko da %2,5eko tasa murritza (%5eko tasa orokorraren ordez), eta Obren Tasan, berriz, tarifa murritzarekin (tarifa orokorraren %60rainokoa) segituko da.

- EIOZren %2,5eko tasa murritza (%5eko tasa orokorraren ordez) ezarriko da baita eta Obren Tasan tarifa murritza (tarifa orokorraren %60rainokoa) ikerkuntza eta berrikuntza arloko unibertsitate-ikastetxe eraiki berrien obrak direnean.

- EIOZren %2,5eko tasa murritza eta obren tasaren tarifa murritzari eutsiko zaio hurrengo obretarako: eraikuntza berriak, aurrealde eta estalkietan eragina duten berroneratze integralak nahiz berriztatzeak, efizientzia energetikoa hobetzeko sistemak ezartzekoak, araudi autonomikoan aurreikusitakoaren arabera egingo diren berroneratze integralak, Udalak lehentasunezkotzat jotako berroneratzeak, eta Udalak agindutako aurrealdeak garbitu, margotu edo zaharberritzeko lanak. 

- Karga barik jarraituko dute aurretiazko jakinarazpen-araubidepean dauden obra txikietako Obren Tasak; esate baterako, zoru, sabai eta hormen akabera, patioko leihoen ordeztea, aurrealdeetan jarritako olanak eta errotuluak, etab.  Karga-salbuespen horren xedea da jarduera ekonomikoa bultzatzea eta lokalak zein etxebizitzak hobetzea, eraikinak, etxebizitzak eta negozioen lokalak hobetu eta eguneratzeko obra txikien amaierako kostua merkatuta.

- Haur edo Lehen Hezkuntzara zuzendutako udal higiezinetan Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen obretan EIOZren %95eko hobariari eutsiko zaio, eta baita obren lizentzia-tasaren tarifa orokorrean %90eko murrizketari ere. Orobat, Eusko Jaurlaritzak Bigarren Hezkuntzara zuzendutako higiezinetan sustatutako obretan, EIOZren %2ko tasa murritza eta obra-baimenaren tasaren lehentasunezko tarifa ezarriko dira.

- Helbide soziala Bilbora aldatu nahi duten pertsona juridikoek, eraikin eta lokaletan egindako obretan EIOZren %1,5eko tasa murritza eta lizentzia-obren tasaren lehentasunezko tarifetan %20ko murrizketa izaten jarraituko dute.

- Igogailurik ez duten eraikinetan hura jartzeko nahiz etxebizitza-eraikinetan muga arkitektonikoak kentzeko obretarako, baita ere, EIOZren %2,5eko tasa murritza eta obren tasaren tarifa murritzari eutsiko zaio.

- Jarduera eta Instalazioengatik nahiz Establezimenduak irekitzeagatik dagoen Tasan %20ko murrizketa mantendu da, eta zerga horretatik kanpo geratuko da aurretik jakinarazitako hirigintza-araubidearen araberako saltoki-mota guztiak irekitzea, ondorengo egiaztapen edo ikuskapena dagoenean izan ezik. Instalatzeko lizentzia beharrezkoa izango duten kasuak murriztuak jarraituko dute izaten; horietatik salbuetsita daude, oro har, bulegoak, merkataritzako jarduerak, ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak.

- Espazio publikoa okupatzeagatik dagoen tasak izoztuta jarraituko du beste urtebete gehiagoz, terrazak, mahaiak eta aulkiak hala nola erakusleiho, olana, markesina eta abarren jartzea dela-eta.

- Udal Gainbalioaren Zergan (Hiriko Lurzoruen Balioaren Igoeraren gainekoa), mantendu egiten da %33tik %90erako hobariaren gehikuntza zergadunak egindako jarduera ekonomikoari lotutako lokalean oinordetza zuzena dagoenean.

- Baimena eman eta gero atzera egiten denean, obrei ekin baino lehen edo jarduera burutu gabe, obren eta irekitzeagatiko Tasen murrizketak %50ekoa segitzen du izaten.

- Ibilgailuen gaineko Zergaren tarifak izoztuta egongo dira 12 zaldi fiskal baino gutxiago duten autoentzako (auto guztien %40a da); zerga 2006tik dago eguneratu gabe.

- Motor elektrikodun ibilgailuetarako ezarria den Ibilgailuen gaineko Zergaren %50etik %95era bitarteko hobariari eutsi egiten zaio.

- Era berean, zorra administrazioaren bidez berraztertzeko aukera ematen jarraituko da, zerga-zorraren betearazpena bertan behera utzita, inolako kosturik gabe. Birjartzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomikoa dagoenean, bermea jarri behar izan gabe bertan behera gera daitekeen zerga-zorren zenbatekoa, berriz, 600 eurotan mantenduko da.

- Azkenik, ordainketa zatikatzeko eta geroratzeko eskaerak egiteko aukerak bere horretan segituko du, zerga-zorrak epearen barruan ordaintzea ezinezkoa den kasuetan. 10.000 eurotan utziko da geroratze eta zatikatzeetan bermerik behar ez duten zergengatiko zorren gehieneko zenbatekoa.

Zerga hobariak

2015erako Ordenantza Fiskalen proposamenak izoztu egiten ditu Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta  Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gainekoa. Halaber, mantendu egiten ditu familia ugarientzako egun dauden hobariak, eta baita higiezinak berroneratzeko eta herritarren eguneroko bizimoduari lotutako jardueretarako daudenak ere.

Udal tasak:

Azkenik, Udal Gobernuak onartu egin du baita bilbotar zati handi batentzat horren gertu eta beharrezko zaien zerbitzu batzuei dagozkien udal tasen izozketa, besteak beste, TAO, Bilbobus eta udal garabiarena.

Atal honetan, azpimarratzekoa da beste tarifa bat sortu dela, Gazte Bilbao gazteentzako garraio berri hobariduna, Barik txartel pertsonalizatuaren titularrak diren 26 urtera bitarteko gazteentzat zuzendua.

Gazte Bilbao-k 29 euroko hileko tarifa arrunta izango du, 23,20 eurora jaitsiz kategoria orokorreko familia ugarien kasuan, eta 14,50 eurora, berriz, kategoria bereziko familia ugariko kide diren gazteentzat.

 

Jaso informazioa PDF-an