Egoerak, gaia dagokion dimentsioan jorratzea eskatzen du. Ukatua den nazioa gara, eta kirol esparrua horren erakusle da. Hala ere, badago asko lortzerik. Zergatik ez da egun aurrerapausu gehiago ematen selekzio gehiagoren ofizialtasuna lortzeko? Zein da egun, ofizialtasunaren bidearen egoera?
Egoeraren argazkirik paradigmatikoena egun hauetan Bizkaian ospatzen ari den saski baloi mundiala dugu. Gure lurraldean ospatzen bada ere, gu ez gara bertan onartuak. Onarpen hori lortzeko beharko liratekeen elementu desberdinek ere, argazki garratza uzten dute agerian.
Batetik, ordezkari instituzionalen jokabidea dugu. Arazo bat dagoenean, instituzioei legokieke konpontzea. Ofizialtasunaren gaiarekin ere, instituzioek bilatu beharko lukete konponbidea. Errealitatea aldiz, bestelakoa da. Egungo Bilbo, Bizkaia eta Gasteizeko Gobernuek, hiritarren arazoei konponbidea bilatu beharrean, hainbat eliteen mesedetara aritzea nahiago dute. Gure selekzioaren ofizialtasuna ukatzen dutenen mesedetara aritzen dira praktikan, egun hauetan ikusi ahal izan dugun moduan. FIBA zein espainiar saski baloi federazioaren aginduetara aritzen dira. Bilboko espazio publikoa erakunde hauek aberasteko, enpresa pribatuei eman diete, ESAITi ukatu dioten aldi berean. Xehetasun gehiagotan sartu gabe, ofizialtasuna haien lehentasunen artean ez dagoela errealitateak adierazten duen zerbait dela begibistakoa da.
Hala ere, aspaldidanikoa da hiritarrak selekzioengatik aldentzeko erakutsi izan duten interesa. Politikariek, jaurlaritzakoek, ez dute hiritarrak gai honetan lan egiterik nahi. ESAITi, gizarteari, aspaldian esan zioten: gai hau istituzioei dagokie, soilik federazio eta instituzioei.
Horrela daramatzagu 30 urtetik gora, eta ondorioak begibistakoak dira. Ez baditugu hiritarrak mugiarazten, nekez izango da aldaketarik. Baina zein da egun mugiarazteko herri mugimenduaren, hiritarren gaitasuna? Oso eskasa. Baliabide urriak. Jende gutxi.
Hausnarketa kolektibo bati ekiteko garaia da. Selekzio ofizialak nahi ditugu benetan? Ba antola gaitezen, eta mugi dezagun egun, erosotasunez eta hiritarrengandik urrun, herriaren mesedetan baino gutxiengo baten mesedeta lanean ari den kasta, bertakoa dena, euskal kasta.