Joan den larunbatean hasi ziren Munduko Saskibaloi Txapelketako partidak Bilbao Exhibition Centerren. Lehenengo faseko C multzoko partiduen egoitza da BEC. Txapelketa abuztuaren 30a eta irailaren 14a bitartean jokatuko da, eta Bilboaldean 10.000 pertsonako joan-etorria eragingo duela aurreikusi dute antolatzaileek.
Egunotako deialdi eta ekitaldien atzean daude, besteak beste, EH Bildu koalizoa, Berri-Otxoa plataforma, Erne sindikatua eta EH-Donbas batzordea.
Askatasun eske Euskal Herriarentzat
EH Bilduk elkarretaratzeak deitu ditu "Freedom for the Basque Country" lelopean munduko osoko saskibaloi talde eta zale ugari Bilbora hurbildu direla baliatuz. Lehenengo mobilizazioa BEC aurrean izan zen larunbatean bertan, abuztuak 30, 20:00etan. Igandean, bigarren bat egin zuten ordu eta toki berean; eta Barakaldoko azken elkarretaratzea gaur izango da, asteartea, 16:00etan.
Bilbon ere beste hainbat hitzordu zehaztu ditu EH Bilduk aste honetarako. Atzo, astelehena, 12:00etan Arriaga plazan elkartu ziren. Bihar, irailak 3 asteazkena, 12:00etan, leku berean egingo dute -Arriaga plazan- eta ostegunean, irailak 4, 12:00etan Guggenheim museoko plazan.
Murrizketarik ez dream team taldea
Barakaldoko Udalak bere herritarren oinarrizko beharrizanak bermatzeko bideratutako laguntzak %50 murriztu izana salatu du gaur goizean Berri-Otxoa plataformak. Alfonso Garcia alkateak uztailean "dekretu bidez" onartutako neurria "Rajoyren estilo fidelenarekin" alderatu du plataformak. Barakaldon pobrezia egoera "areagotu" baino ez dela egiten gaitzesteko kirol arropa soinean dutela baloia saskiratzen aritu dira Berri-Otxoako kideak Barakaldoko Udaleko Gizarte Ekintzako egoitzaren aurrean. Udaleko murrizketei "saskiratzeak egitea" izan dute helburu.
Erne eta Ertzaintzaren egoera "kaotikoa"
AEB eta Zelanda Berriko selekzioen arteko partida jokatu aurretik Ertzaintzan ordezkaritza handiena duen Erne sindikatua BEC aurrean kontzentratuko da gaur 2016 Horizonte Planak Ertzaintzan sortu duen egoera "kaotikoa" salatzeko. Txistorra banatuko dute Erneko kideek protestaldian eta sindikatuko idazkari nagusi Roberto Seijok adierazpenak egingo ditu.
Ukrainia jomugan
Ostegunean, irailak 4, AEB eta Ukrainiaren arteko partida jokatuko da BECen."Novorossiya burutzen ari den eraso inperialista" arbuiatu eta "genozidioaren ordezkari den taldeari boikot egiteko" 17:00etan elkarretaratzea deitu du EH-Donbas batzordeak.