Ikusmin handia sortu du Diada egunean, irailaren 11n, Bartzelonako kale nagusietan "Ara és l'hora" goiburupean osatuko den 'V' formako mosaiko erraldoiak. Izan ere, mosaikoan parte hartzeko guztira 400.000 inskripziotik gora bildu dira jada.
Bertan parte hartu nahi dutenentzat autobusak antolatu ditu Euskal Herritik Independentista Sareak. Autobusean lekua gordetzeko bi aukera daude; 943 561853 telefono zenbakira deituta edota info@independentistak.net helbidera mezua bidalita.
Bartzelonara bertaratu ezin dutenei prozesu katalanaren aldeko Bilboko kontzentrazioan parte hartzeko gonbita egin die Assemblea Nacional Catalanak (ANC). Irailaren 9an -asteartea- izango da hitzordua, Bilboko Albia lorategietan, 18:30ean, "independentziaren aldeko 'V' erraldoia irudikatzeko". 20:00etan, berriz, L'Assemblea Nacional Catalana-Euskal Herria taldea aurkeztuko da Kafe Antzokian. Ekitaldian Jaume Marfanyk, Assemblea Nacional Catalanako (ANC) lehendakariordeak, hitzaldia eskainiko du. Hitzaldiaren ostean, Gorka Knörr Borrasek zuzenduko du solasaldi irekia. Euskal Herriko ANC-ren ordezkaritzak eta Zenbat Gara elkarteak antolatu dute ekitaldia.
Beste ekitaldi bat ere izango da Bilbon, irailaren 13an -larunbata- Plaza Barrian (18:00). Gure Esku Dago ekimenak ekitaldia antolatu du "Katalunia eta Eskoziako gertakari biren aurrean, gure mezua luzatzeko Euskal Herritik".