Euskal selekzioa Strategoko Munduko Txapelketan ere

uriola.eus 2014ko ira. 9a, 08:45

Euskal selekzioa Mundu Stratego Txapelketan lehiatu da abuztuaren amaieran. Egoitz Campo, Daniel eta Mari Esther izan dira selekzioaren ordezkariak Grezian eta URIOLAri azaldu diotenez, "esperientzia oso polita" izan da.

Abuztuaren 28tik 31ra Salonikan (Grezia) Munduko 17. Stratego Txapelketa jokatu zen eta hantxe euskal selekzioak parte hartu zuen lehenengo aldiz. Egoitzek, Danielek eta Maria Estherrek Euskal Herria ordezkatu zuten eta lan nahiko txukuna egin zuten. Euren esanetan, jokalarien maila oso altua izan zen, izan ere, han munduko jokalaririk onenak elkartu baitziren. Hala ere, garaipenen bat lortzea erdietsi zuten. Horri lotuta, gogoratu beharra dago gure jokalariak orain dela gutxi hasi zirela strategoan jolasten; atzerritar gehienek, berriz, urteak daramatzate.

Lehenengo egunean beste modalitate bat jokatu zen. Honetan euskaldunek ez zuten parte hartu; bai, ordea, banan banako txapelketan. 28 partaideetatik Daniel eta Egoitz 27. eta 23. postuan geratu ziren hurrenez hurren. Tim Slagboom holandarra izan zen txapelketako garailea. Jokalari bakoitzak 10 partida jokatu zituen; Egoitzek hiru irabazi zituen eta Danielek, bakarra. Danielek bigarren egunean gaztetxoen txapelketan parte hartu zuen eta 15. postuan geratu zen.

Banan banakoaren ostean, azken egunean, igandean, nazio mailako txapelketa jokatu zen. Bertan lau taldek parte hartu zuten; Greziak, Holandak, Erresuma Batuak eta Euskal Herriak, alegia. Gure jokalariek ahalik eta ondoen jokatu eta gero, garaipenen bat lortzeko zorian egon ziren, baina azkenean bederatzi partidak galdu zituzten eta laugarren tokian bukatu zuten txapelketa. Herrialde guztien artean Grezia izan zen indartsuena. “Argi dago oraindik asko dagoela egiteko, baina behintzat kanpoan ezagutu gaituzte eta gure herria ordezkatzeko aukera izan dugu. Hilean behin gelditzen jarraituko dugu strategoan jolasteko eta espero dugu hurrengoan emaitzak hobeak izatea” dio Egoitzek. Azaroan, Oware eta Joko Estrategikoen Euskal Elkarteak strategoko nazioarte mailako txapelketa bat antolatuko du Bilbon. Bertan, gutxienez Munduko txapelketan parte hartutako bost jokalari izango dira. Hiru Erresuma Batukoak eta bi Holandakoak. “Espero dugu gauzak ondo irtetea eta jendea guregana hurbiltzea strategoan jolasteko” berretsi du. Bestalde, Egoitzek gogora ekarri digu strategoan jolasteaz gain, oware, megiddo, zatre, fuba eta beste jolas batzuetan ere jolasten direla.

Inork interesa izango balu campo_16@msn.com helbidera (Egoitz arduradunarena da) idatz dezala. Hilean bitan geratzen dira San Ignazion (Bilbo) edo Sondikan aipaturiko jolasetan olgetako, normalean larunbat edo igande arratsaldeetan.