`V´ erraldoia Bilbon Katalanen erabakitzeko eskubidearen alde

uriola.eus 2014ko ira. 10a, 10:17

300 lagun inguru bildu ziren atzo arratsaldean Done Bikendi kalean, Kataluniako Diada egunari eta azaroaren 9an egingo den kontsultari babesa agertzeko. Denen artean `V´ formako Kataliniako bandera erraldoi bat irudikatu zuten.

[Argazki galeria]

Biharko egunean, irailak 11, Diada eguna, Bartzelonan `V´ erraldoi bat irudikatuko dute kataluniarrek, azaroan egingo den kontsulta soberanista bultzatzeko. Aurreratu dutenez, "Ara és l'hora" goiburupean osatuko den 'V' formako mosaiko erraldoiak 400.000 atxikimendutik gora bildu ditu.

Atzo, Bilbon ere, babesa agertu zieten bi hitzordu horiei. Arratsaldeko 18:30etan jendea Done Bikendi kalera hurbiltzen hasi zen. Dena ondo antolatu eta gero, bertan zeuden 300 lagun inguruk, `V´ erraldoi bat irudikatu zuten Kataluniako bandearen koloreekin apainduta. Independentziaren aldeko oihuak nagusitu ziren eta giro polita sortu zen.

Ondoren, 20:00etan, L'Assemblea Nacional Catalana-Euskal Herria taldea aurkeztuko zuten Kafe Antzokian 150 lagunen aurrean. Ekitaldian Jaume Marfanyk, Assemblea Nacional Catalanako (ANC) lehendakariordeak hartu zuen hitza eta jarrain, Gorka Knörr Borrasek solasaldi irekia zuzendu zuen.

Diadarako autobusak

Diadan parte hartu nahi dutenentzat autobusak antolatu ditu Euskal Herritik Independentista Sareak. Autobusean lekua gordetzeko bi aukera daude; 943 561853 telefono zenbakira deituta edota info@independentistak.net helbidera mezua bidalita.

Ekitaldi gehiago

Beste ekitaldi bat ere izango da Bilbon, irailaren 13an -larunbata- Plaza Barrian (18:00). Gure Esku Dago ekimenak ekitaldia antolatu du "Katalunia eta Eskoziako gertakari biren aurrean, gure mezua luzatzeko Euskal Herritik".

Bestalde, irailaren 18an, osteguna, Eskoziako erreferendumaren egunean, kalejira antolatu dute Deustun 19:00etan.  Parte hartzaileei Eskoziako gonak edota banderak ateratzeko eta aurpegia margotzeko deia luzatu diete. Kalejira Müllerrenea, Bidegorri taberna, Oskarbi taberna, Oktober Fest taberna, Lekeitioko Balea taberna eta Bordatxo tabernetatik egingo da.

[2014/09/09] Diada eta kontsulta kataluniarra babesteko `V´mosaikoa egingo da arratsaldean