Irailaren 20ko ekitaldia jendetsua izango dela aurreikusi du Sarek

uriola.eus 2014ko ira. 12a, 16:40

Sare osatzen duten lagunen "pluraltasun ideologikoa" islatuko dute irailaren 20an Bilbao Arenan egingo den presoen sakabanaketaren aurkako ekitaldian. "Errezeta zaharrek ez dutela garai berrietarako balio" azpimarratu dute eta ondorioz, garai berri honen aurrean "beste neurri eta jarrera batzuk beharrezkoak direla" argi daukate.

Gaurko agerraldian, Mariasun Landak eta Joseba Azkarragak azaldu dutenez, hilaren 20an, 18:00etan, egitekoa den ekitaldian preso diren pertsonei aplikatzen zaien dispertsioa salatu eta "giza eskubideen urraketarekin amaitzeko bidea eraikitzen hastea" dute helburu.

Era berean, ekitaldia egingo delakoan daude, eta auzitegiek ez diotela Carlos Urkijok ekimena debekatzeko egin duen eskariari bide emango. Hitzorduaren garrantzia azpimarratu dute," Saretik euskal gizarte osoari giza eskubideekiko defentsan hartutako konpromesioa erakutsi nahi baitiote".