Aurtengoa hirugarren urtea da, Bilboko Mugikortasunaren Aste Europarraren aurreko ekitaldi gisa, herritarrek, laguntza ematen duten komunikabideen bidez, Bilboko Ibiltaria sariaren irabazlea aukeratu dutela. 2014ko irabazlea BAKUVA Elkartea da.
BAKUVA irabazi-asmorik gabeko elkartea da. 2007 urtetik ume eta nerabeen integrazio sozialaren alde egiten du lan, Bilbo Zaharra auzoan. Balioetan heztea, ume eta nerabeen garapen pertsonal eta soziala eta eskola-porrotaren aurkako borroka ditu helburu.
Kritikak
Bilbon martxan jarri diren mugikortasun politika publikoak "kotxearen mesederako egindako hiri bat marrazten dute", EH Bilduren esanetan. "EAJk Bilboko garraioan aldaketa modala posiblea egiteko estrategiarik ez dauka; hau da, garraio publiko eta/edo iraunkorretara aldatzea egun kotxez egiten diren ibilbideak".
Hortaz, udal gobernuari exijitu dio Bilduk "orain dela urte bat Udalbatzak kaleak orduko 30 kilometrotara mugatzeko onartutako plana martxan jartzea. Plan hau lehenbailehen martxan jarri behar da eta ezarpena aurrekontu proiektuan jasota egon behar da".
Halaber, EAJri eskatu dio Bilduk aste honetan ireki berri den bidegorrian topatutako "huts larriak eta arriskutsuak ahalik eta lasterren konpontzeko". Bolantin Ibilbidea eta Uribitarte lotzen dituen bidegorriak "bizikletentzako seinaleztapen urria dauka, bertan bidegorria dagoela kotxeei ohartarazteko seinale bertikalak falta dira, beheraturik gabeko zintarriak daude eta seinaleztapen marrak ezabatu ez diren erreserbatutako estazionamendurako guneak zeharkatzen dira". Huts horiek trafikoaren eta txirrindularien segurtasuna "larriki kaltetzen dute", Bilduren hitzetan.
Mugikortasun Asteak azken eguna gaur
Itsasadarraren alde bietako bidegorriak lotu daude, zazpi kilometrotik gorako eraztun bat osatzen dutela. Bertan gaur iluntzera arte 2014ko Mugikortasunaren Aste Europarreko hainbat ekitaldi izango dira.
Programatutako ekitaldi gehienak Areatzako kaian izango dira. Besteak beste, erakusketa bat, garraio ekologikoen mailegu-zerbitzua, hitzaldi batzuk, garraio-lasterketa eta gidatutako ibilaldien hasiera izango dira Aretzako kaian.
Beste gune bat dago Villarias kalean. Decathlon Capitol da hirian bizikleta ondo erabiltzen jakitea lortzeko ikastaroen, gincanen, umeen jolasen, bizikletak erabiltzen eta artatzen jakiteko ikastaroen eta beste jarduera batzuen arduraduna.
Azkenik, Pio Baroja plazako kaian piraguen zerbitzua jarrita dago, herritarrek hiria itsasadarretik ikusi ahal izateko eta kirola egiteko.
Areatzako jarduerak, orokorrean, herritarrentzat goizeko 10:30etik 13:30era eta arratsaldeko 16:30etik 19:30era daude zabalik.
Ekintza horiez gain, aurten ere Bizkaiko Automozio Tailerren Elkarteari esker, 2014ko Mugikortasun Aste Europarrak bilbotarrei euren ibilgailuen CO2 maila zein den egiaztatzea ahalbidetuko zaie doan.
Ia jarduera guztiak doakoak dira. Piraguen zerbitzuak prezio bereziak izango ditu eta gaur, irailak 22, doakoa izango da. Informazio gehiago izateko edo izena emateko www.bilbaosinmicoche.net eta www.bilbaonirekotxebarik.net web-orrietan programak kontsulta daitezke.
Gure kaleak hobetzea: horra gure aukera
Aurtengo leloa hauxe: “Gure kaleak hobetzea: horra gure aukera”. Eslogan hori aukeratuta, herritarrak hiri-ereduez hausnarketa egitera gonbidatu nahi ditu Udalak; hau da, mugikortasunaz eta oinezkoen aldeak egokitzeko prozesu gero eta handiagoez hausnarketa egitera. Horren moduko prozesu garrantzitsua izan zen Kale Nagusiaren zati bat zirkulaziorako ixtea. Hori, 2000. urtean burutu zuen Bilboko Udalak, lehen Bilbao, nire kontxe barik! izan zen urtean, hain zuzen.
"Prozesuak ez du etenik izan" ordutik. Oinezkoentzako lehen aldea Zazpi Kaleetakoa izan zen, 1980. urtean eta ordutik hona hiri guztira zabaldu da. Erdialdetik periferiara, Indautxu kale partikularretik Zorrotzara.
BIDEGORRI BIRIBILA
Egunak: irailaren 22ra arte.
Ibilbidea: Areatzako zubia, Erripa, Abandoibarra pasealekua, Euskalduna zubia, Botikazar Erribera, Campo Volantin, Epaltza kalea, Areatza.
Bilboko Udalak proba bat egingo du Mugikortasunaren Aste Europarrean eta itsasadarraren alde bietako bidegorriak lotuko ditu. Bizikletentzat aukera hori egongo da eta egon daitezken akatsak detektatzeko baliagarria izango da proba hau.
Campo Volantin pasealekua amaitzen den lekutik udaletxeko zubiraino luzatuko da ibilbidea. Gero, Epaltza kaletik eta Areatzako bus-karriletik jo eta Areatzako zubiraino heldu ahalko da. Hortik Erripatik, Villarias kaleraino. Hor Abandoibarra pasealekuan sartzeko aukera dago eta Pio Baroja plazaren parean bidegorriarekin bat egin ahalko da.
2014ko Mugikortasunaren Aste Europarraz baliatuta, bidegorri biak lotu eta ibilbide biribila prestatuko da. Aldaketa hau behin betikoa izatea dago aurreikusita. Aste horretaz baliatuko da udala ziklisten, oinezkoen eta orokorrean kale-erabiltzaileen arteko bizikidetza eta praktika onak sustatzeko.
Ziklistei eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie 15 km. orduko abiadura gomendatzen zaiela bidegorrietan, kaskoa istripuen ondorio txarrak ekiditeko oso erabilgarria dela eta txirrina ere istripuak ekiditeko baliagarria dela, oinezkoen pasabideak eta semaforoak errespetatu behar direla, bidegorrietan beste erabiltzaileekiko lehentasuna dutela bizikletek eta abar.
Udalak bizikleta erabiltzen dutenei bidegorrien luzapena behin eta berriz erabiltzeko eta jasotzen duten inpresioa Udalari jakinarazteko eskatzen die.
BILBOBUS ERAKUSKETA GELA
Egunak: irailaren 22ra arte.
Lekua: Areatzako kaia.
Ordutegia: 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era.
Bilbobus erakusketako autobusa Areatzan egongo da Mugikortasunaren Aste Europarrean. La peatonalización de Bilbao: un proceso continuo izeneko ikus-entzunezkoa ikusteko aukera egongo da autobusean. Hirian oinezkoentzako kaleak azken 30 urteotan zelan joan diren ugaltzen erakutsiko du ikus-entzunezko horrek. Beste bideo bat ere proiektatuko da Bilboko garraio publikoari buruzkoa.
Programatutako hitzaldi bien egoitza ere izango da autobus hori.
ERAKUSKETA ETA IBILGAILU JASANGARRIEN MAILEGU ZERBITZUA
Egunak: irailaren 22ra arte.
Lekua: Areatzako kaia.
Ordutegia: 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era.
Azkenaldiko garraio ekologiko jasangarriak, hala nola motor elektrikodun automobilak, furgonetak, bizikletak eta motorrak; baita hibridoak ere; baita ekologikoak baina ohikoagoak diren pedaleko bizikletak, patinak eta monopatinak… gure hirian gero eta gehiago erabiltzen diren eta kutsatzen ez duten garraio hauek herritarren esku egongo dira doako maileguen bidez Areatzako kaian.
MAEren ekimen hau merkataritza-etxe batzuen laguntzari esker prestatu da. Hauek dira etxe horiek: Motor Verde, Ohriginal, Urban Bike, Gaursa, Japan Car, Enekuri Motor, Nordkapp, Comarth eta Electric City.
Erakusgai egongo diren automobiletako batzuk hauexek izango dira: Toyota Auris 2015 hibridoa, Renault Twizzy eta Renault Zoe elektrikoak, Lexus IS300 hibridoa, BMW i3ren bertsio biak, BMW C Evolution motozikleta elektrikoa eta Comarth lanerako ibilgailu elektrikoak.
ITSASADARREKO JARDUERAK
Egunak: irailaren 22ra arte.
Lekua: Pio Baroja plazako pantalana.
Ordutegia: 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era.
Turismo aktiboko ekintzaleak elkarlanean ari dira 2014ko MAEn eta euren jarduera batzuk jarriko dituzte Pio Baroja plazako pantalanean. Han, nahi duten pertsonek Bilbon mugitzeko modu ekologiko eta jasangarria esperimentatu ahalko dute, itsasadarretik nabigatzea, alegia.
Piraguen zerbitzuak prezio bereziak izango ditu eta irailaren 22an doakoa izango da, Bilbao, nire kotxe barik! egun horretan ospatuko da-eta. Kontuan hartzekoa: erabiltzaileek txankletak, aldatzeko arropa eta eskupainua eraman beharko dituzte.
IBILGAILUEN CO2 MAILAREN DOAKO AZTERKETA
Egunak: irailaren 22ra arte.
Lekua: Eli Motor, Erdikoetxe kalea 5 behekoa, (Sarriko). Tel.: 944761524
Ordutegia: astelehenetik barikura. 7:30etik 19:30era. Zapatuetan: 9:00etatik 13:00etara.
Bizkaiko Automozio Tailerren Elkartearen laguntzarekin, 2014ko Mugikortasun Aste Europarrak (MAE) bilbotarrei euren ibilgailuen CO2 maila zein den egiaztatzea ahalbidetuko die. Egin behar den gauza bakarra Eli Motorraren tailerretara hurbiltzea da eta bertako langileei ibilgailuaren neurketa froga egiteko eskatzea. Emisio kutsagarriak egiaztatuko dituzte. Emaitzaren arabera herritar bakoitzaren esku geratuko da ingurugiroa zaintzeko beharrezko aldaketak egitea, tailerrak aurretik aurrekontua aurkeztuta.
DECATHLON ESPAZIOA
Irailaren 22a, astelehena
17:00 -18:00 nagusientzat: hirietan erabiltzeko bizikletentzako produktuei buruzko aholkuak.(seinaleak, kaskoa, argiak, arropa islatzailea, txalekoak, giltzarrapoa, katadioptrikoak, gurpila zulatu bada konpontzea, kamera aldatzea, partxeak, kamerak, muntatu eta kentzekoak eta abar).
17:00 - 18:00 Ginkana eta saskiak txikientzat.
18:00 - 19:00 Hirian mugitzeko materialen proba. Bizikleta elektrikoak, tolesten diren bizikletak eta ibilaldi luzerako monopatinak.
BAKUVA Elkartea 2014KO BILBOKO IBILTARIA SARIA
Aurtengoa hirugarren urtea da, Bilboko Mugikortasunaren Aste Europarraren aurreko ekitaldi gisa, herritarrek, laguntza ematen duten komunikabideen bidez, Bilboko Ibiltaria sariaren irabazlea aukeratu dutela. 2014ko irabazlea BAKUVA Elkartea da.
Bertako komunikabide batzuetan herritarrek botoa eman dute. Boto-kopuru horiek denak batuta erabaki da irabazlea. Honek irailaren 22an jasoko du saria, Bilbao, nire kotxe barik! egunean. Bilbao, nire kotxe barik! egunak amaiera emango dio 2014ko Mugikortasunaren Aste Europarrari.
BAKUVA irabazi-asmorik gabeko elkartea da. 2007 urtetik ume eta nerabeen (7 eta 17 urte bitartekoak) integrazio sozialaren alde egiten du lan, Bilbo Zaharra auzoan. Balioetan heztea, ume eta nerabeen garapen pertsonal eta soziala eta eskola-porrotaren aurkako borroka ditu helburu. Horretarako hezkuntza-ekimenak garatzen ditu (eskola-laguntza eta errefortzu akademikoa), baita kirol ekimenak (saskibaloia eta futbola) eta aisialdikoak ere (bere lokaletan eta irteera eta txangoak direla medio). Bakuva gizarte eta hezkuntza-arloko eta bizikidetasunerako tresna da eta familia eta beste gizarte-eragileekin elkarlanean aritzen da adingabeen garapena eta hezkuntza bultzatzeko.
Informazio gehiagorako: http://www.bakuva.org edo 946558480 telefonoa.
Bilboko Ibiltaria izeneko sariak Bilbao hiria atseginago, bizigarriago eta sostengarriago bihurtzen laguntzen duten pertsonen lana eta balioak ezagutzera ematen ditu. Gainera, pertsona hauek hirian oinez ibiltzen direnez gero, osasunaren sustatzaileak eta hiriko ezagutzaren bultzatzaileak dira.
Sariaren lehengo irabazlea, 2012an, Virginia Berasategi triatleta bilbotarra izan zen. Iaz, berriz, komunikabideetako entzuleek Bilboko Txikiteroak aukeratu zituzten.
Bilboko Ibiltaria Sariaren aurtengo hautagaiak honako hauek dira: Bakuva elkartea, Athleticen emakumezkoen taldea, Javier Conde atleta, Bilboko Txistularien Banda eta Enrique Thate merkataria.