Etxeratek eman du berria sare sozialen bidez. Valentziako Albocasser espetxetik zetozelan izan zen ezbeharra. Auto bat errepidetik irten zen AP-68 errepidean, 211,2 kilometroaren parean, eta kontrako errailean iraulita geratu zen. Bigarren auto batek ezin izan zuen iraulitako autoa sahiestu eta elkar jo zuten.
Bigarren autoan Ugaitz Perez preso bilbotarraren hiru senide zihoazen; Jone Artola, bere semea eta senarra. Beste ibilgailuko emakume bat kolpearen ondorioz hil zen, haurdun zegoela jakinarazi dute eta zaurituetako bat Jone Artola da. EITB.com-en jakitera eman dutenez, Tuterako Sofia Erregina ospitalean dago, zainketa berezietan. Naiz.eus-en irakur daitekeenez, ebakuntza egin beharko diote Artolari, hezurren bat hautsita baitu. Artolaren hurbileko lagunek URIOLAri jakinarazi diotenez, izterra eta sahietsen bat hautsita ditu, eta besoa ere minduta du.
12:00etan Etxeratek istripuaren inguruko zehetasun gehiago emango ditu.