"Zortea izan dute, eta pozik egon beharko genuke gure senideak istripuan hil ez direlako. Hori da sakabanaketa, hori da sakabanaketaren adibidea". Esaldi horiekin azaldu ditu bere eta Etxerat elkarteko kideen sentipenak gaurko prentsaurrean Joseba Artolak, Jone Artolaren nebak. Bere hiru familiartekoek "3.000 kiloko horma jo zuten" autoarekin joan den asteburuan preso dagoen senide bati bista egitetik bueltan zetozela. Joneri bihar egingo diote ebakuntza. Juanan, Joneren bikotea, bart txarto sentitu dela eta, artatu dute ospitalean berriro. Gaur hobeto dagoela jakinarazi dute.
Josebak auto istripua eta ondorengo uneen berri eman du agerraldian eta ekitaldia baliatu du eskerrak emateko. Anbulantziari deitu zion motozaletik hasita maitasun keinuak bidali dizkieten guztietaraino, denei eskerrak eman dizkie.
Catmanduraino
Errepidean izan duten istripuak ez ditu sendieak geldiaraziko. "Catmandura joan behar bada Catmandura joango gara". Jone Artolaren hitzak dira, gaur bere nebak Arriaga plazan errepikatu dituenak. Sakabanaketa "ez dela legezkoa" eta Europako kartzela arauak urratzen dituela gogorarazi du Josebak. "Sakabanaketa senideen aurkako mendeku hutsa da barruan daudenak maitatzeagatik. Barruan daudenekin nahikoa mendekatzen ez direnez gure familiekin ere mendekatzen dira".
Biharko deialdia
Sakabanaketa politiken amaiera eskatzeko, hego Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak deitu ditu Etxeratek bihar, asteazkena. Eguerdian izango dira hitzorduak. Bilbokoa Arriaga plazan izango da.
Kopuru "ikaragarria" 2014an
Aurtengo errepide istripuen bataz bestekoa "ikaragarria da"; bederatzi hilabetetan bederatzi istripu izan dituzte presoen senideek. Senideen bizitza "etengabe arriskuan" dago, eta senideen eskubideak "asteburuo urratzen dira". Euskalherritarren lehendakari gisa, Urkullu lehendakariari zuzendu zaio Etxerat, "sakabanaketak eragindako edozein biktimaren egoeraz", zuzenean, noiz arduratuko den galdetuz. Ares, Semper, Maneiro, Barcina eta Hollande ere gogoan izan ditu elkarteak. Sufrimendua mantentzeari uzteko eskatu die, eta sakabanketa eteteko: "Giza eskubideak ez dira erosten, ezta saltzen. Ez dira nagoziazio bitxien eztabaidagai eta ez dira komenientzia politikoen arabera onartu edo ukatu egin diren zerbait. Sakabanaketa ezin da inolaz ere onartu, eta arnasa kendu behar zaio".