Sito Alonso entrenatzaile madrildarrak atzo eman zuen bere lehenengo prentsaurrekoa Bilbao Basketen entrenatzaile moduan. Administrazio kontseiluari aukera paregabea eskaintzeagatik eskertu zion Alonsok. Jarraian, ACBko taldeetako eskaintza batzuk izan zituela aitortu zuen, baina Bilbao Basket aukeratu duela baieztatu du, berarentzat erronka handia delako eta taldearen arduradunekin izandako batzarretan jasotako mezuek konbentzitu zutelako.
Fitxaketei buruz pozik dagoela esan zuen Alonsok, etorri diren jokalari berriak eta aurreko urtetik geratzen direnek (Bertans, Hervelle, Lopez, Mumbru) proiektuan sinisten dutelako eta taldearen errealitatea zein den dakitelako. "Izenak baino, inplikatzen diren pertsonak behar dira", esan zuen entrenatzaileak.
Hegaleko posturako, jokalari bat falta dela adierazi du Alonsok. Dani Diezen atzean ibili zela aitortu du, "Mumbrurekin postuan txandakatzeko eta baita kapitaina hegal-pibot moduan kokatu ahal izateko, baina Donostira bueltatzea erabaki zuen Diezek".
Taldeak modu dinamikoan jokatzea espero du Alonsok. Iaztik geratzen den laukotea bere joko filosofiara ondo molda daitekeela esan zuen eta horregatik jokalari horiek mantentzea "behar beharrezkoa" zela aitortu zuen. Era berean, "azken urte eta erdian bizi izandakoaren ostean, garbiketa mentala" egin nahi zuela baieztatu du entrenatzaileak eta, horregatik kontratua zuten edo kontratua berrizteko aukera zuten jokalariekin ez jarraitzea justifikatu du, "nahiz eta jokalari onak izan".
"Presaka ibiltzea txarra da. Aurreakordio sinatu nuenean, jokalariekin hitz egiteko aukera izan nuen, baina orain ezagutu ditut benetan jokalariak. Denekin izan ditut bilerak, eta eurek kirol arloan dituzten zalantzak argitzeko lanean dihardugu. Taldearen estruktura, zalegoa eta Euskal Herrian bizitzea gauza handia dela dakitenen eta jokalari berrien batura ona dela uste dut", baieztatu zuen beltzezko gizonen entrenatzaile berriak.
Bere plangintzan aurredenboraldiak oso garrantzitsuak direla adierazi zuen entrenatzaileak eta, nahiz eta bera Espainiako selekzioan Orengaren laguntzaile izateak bere presentzia berandutu, bere joko mota ondo ezagutzen duen Oscar Lataren kontratazioak lana erraztu duela esan zuen Alonsok.
Zaletuei mezu bat igorri nahi bazuen galderari, Alonsok "errespetu falta itzela" izango zela erantzun zuen, "taldearekiko identifikazioa osoa izan delako, momentu onak bizi zirenean eta momentu oso txarretan". Beste taldeekiko faktore bereizgarria zaletuen eta jokalarien arteko lotura izan dela baieztatu zuen eta gauzak berdin jarraitzea espero du entrenatzaile madrildarrak.
Azkenik ez zuen ligarako helbururik zehaztu. Taldea batu behar dela esan zuen, jokalari bakoitzaren maila mantentzea edo hobetzea dela lehentasuna eta behin liga hasita, errealitatea zein den jakinda, ez duela limiterik jartzen aitortu zuen Sito Alonsok.
Aurredenboraldiko norgehiagokak
Beltzeko gizonek, urriaren 4 edo 5ean hasilko den liga baino lehen hiru lagunarteko partiduak jaktuko ditu:
- Zornotza Saskibaloiren kontra Amorebietan (14-9-20, 19:00)
- Unión Financiera Oviedoren kontra Oviedon (14-3-22, 19:00)
- La Bruixa D'or Manresaren kontra Lleidan (14-9-24, 20:15)
Dortsalak
Hauek dira beltzeko gizonek bizkarrean eroango dituzten zenbakiak:
8 Tobias BORG
9 Dairis BERTANS
10 Quino COLOM
11 Marko TODOROVIC
15 Alex MUMBRU
17 Axel HERVELLE
21 Latavious WILLIAMS
31 Raul LOPEZ
33 Danilo ANDJUSIC
34 Ethan WRAGGE
Beste talde batzuekin lotuta dauden eta denboraldian zehar jokatu ahal izango duten Nicola LUCIC eta Borja MENDIA, 6 eta 7 zenbakiekin arituko dira hurrenez hurren