Salbe zubiko jauzilarien entrenamendu zein probak aldaketa ugari eragingo ditu

uriola.eus 2014ko ira. 17a, 12:30

Larunbatean Salbe zubian jokatzekoa den Red Bull Cliff Diving World Series-eko proba dela eta, hirian prestaketa lanak egiten hasita daude. Bihar -osteguna- eta etzi -ostirala- entrenamenduak egin bitartean eta larunbatean lehia bitartean Salbeko zubia itxita egongo da. Bilbora sartzeko bidean zirkulazio-etenaldiak izango dira, instalazioak muntatzeko eta kentzeko lanak egiteko. 

Bilboko Udalak Red Bull Cliff Diving World Series lehiaketak hiriko trafikoan eragingo dituen aldaketak jakinarazi ditu. Larunbatean, irailak 20, Salbeko zubian zirkulazio-etenaldiak eta aldaketak izango dira. Eragina izango du horrek bai ibilgailu partikularren zirkulazioan, bai bidaiarien garraio publikoan ere.

Nazioarteko proba garrantzitsuan parte hatzera munduko jauzilaririk onenak etorriko dira. Zirkulazio-murrizketarik handienak entrenamenduak egin bitartean eta proba egin bitartean izango dira. Salbeko zubia erabat itxita egongo da ordutegi hauetan:

Ostegunean, irailak 18 (entrenamenduak): 11:30etik 15:30era.

Ostiralean, irailak 19 (entrenamenduak): 13:00etatik 16:00etara.

Larunbatean, irailak 20 (proba): 13:30etik 17:00etara.

Salbeko zubia itxita dagoenean, Rekalde zumarkalea, Moyua plazatik Mazarredo zumarkalerainoko zatian (Salberako norabidean) zabalik egongo da garraio publikoarentzat. Hala ere, batzuetan baliteke garraio publikoko zerbitzuak berandu samar ibiltzea.

Ibilgailu partikularrek Bilbora sartzeko edo Bilbotik irteteko, Salbeko zubia erabili beharrean Deustuko zubitik eta Ugaskoko tuneletatik zirkulatu beharko dute.

Instalazioak kentzeko lanak larunbata gauean eta igande goizaldean egitea dago aurreikusita eta zirkulazioan eragindako azken aldaketak orduan izango dira.

Horrela bada, larunbateko 22:00etatik igandeko 05:00etara bitartean, Bilbora Salbeko zubitik sartzeko bidea itxita egongo da zirkulaziorako. Horrek eragina izango du batez ere Txorierritik Bilbora sartzeko bide hori erabiltzen duten ibilgailuetan. Bilboren erdialdetik Maurice Ravel etorbiderantz eta Txorierrirantz joateko Salbeko zubia zabalik egongo da.

Beste eragin batzuk

- Salbeko igogailuak: zubia itxita dagoen bitartean, Unibertsitateen etorbidearen aldeko igogailua proban parte hartuko dutenentzat zerbitzutik kanpo geratuko da. Beste igogailuan ez da eraginik izango eta beti bezala funtzionatuko du.

- Oinezkoentzako ibilbideak: Salbeko zubian, Unibertsitateen etorbidearen aldean dagoen espaloia itxita egongo da oinezkoentzat asteleheneko (irailak 15) 10:00etatik igandeko (irailak 21) 05:00etara arte. Oinezkoek, beraz, zubiaren beste aldeko espaloitik ibili beharko dute.

Gainera, larunbatean, ekitaldia egin bitartean, Unibertsitateen etorbideko bidegorria ere itxita egongo da, antolatzaileak eta ikusleak bertan egon ahal izateko.

Salbe zubitik saltoka

2014ko World Series-en baitan lau saio jokatu dira jada: La Habana (Kuba), Fort Worth (USA), Inis Mór (Irlanda) eta Krageron (Noruega). Munduko jauzilari onenek Azores irletan (Portugal) izango dute hurrengo hitzordua larunbatean, uztailak 26. Bilbon irailaren 20an lehiatuko dira eta, azkenik, Yucatanen (Mexico) urriaren 18an.

Irailaren 20an, 15:00etan, munduko 14 jauzilari onenak La Salben zubira igoko dira 27 metroko jauzietan lehiatzeko.

 

[2014/07/21] Munduko 14 jauzilari onenak Salbe zubitik saltoka