Eskoziarren erreferenduma babesteko ekimenak Bilbon

uriola.eus 2014ko ira. 18a, 14:00

Heldu da erreferendumaren eguna. Bihar goizaldean jakingo dugu Eskozia burujabe izango den edo Erresuma Batuan jarraituko duen. Bilboaldean hainbat ekimen antolatu dituzte eskoziarren erreferenduma dela eta.

Inkestek berdintasun handia aurreikusten dute gaurko bozetan. Hori dela eta, zirrara handiz jarraituko da eguna eta, batik bat, emaitzen kontaketa. Mundu osoa dago Eskoziari begira eta Bilbolaldea ez da salbuespena. Erabakitzeko eskubidearen aldeko herritarrak kalera aterako dira eskoziarrei elkartasuna adieraztera.

Deustu eskoziarrekin bat

Eskoziarrek euren etorkizunaren erabakiko duten egunean, Deustuko Gure Esku Dago lantaldeak kalejira eskoziarra prestatu du. Gaur arratsalderako honako deia zabaldu dute: "Kaleratu zure bandera, gona... margotu aurpegia". Kalejira 19:00etan hasiko da Müllerrenean (Ramon y Cajal 42) eta Deustuko hainbat gune, eta tabernetatik, pasako da.

Kalejira baino lehen, 17:30ean, Gazta zati bat filma pantaila handian ikusteko aukera izango da Deustuko Herriko tabernan eta kalejiraren ondoren, 21:00etan, Independence day jaia. Datuen jarraipena jai giroan egingo dute Herriko tabernan, eurokainarekin eta musika eskoziarrarekin.

EH Bilduren eskaria ez du onartu Areso alkateak

EHBilduko bozeramailea den Aitziber Ibaibarriagak premiazko Udal Bozeramaileen Batzordea deitzea eskatu zion atzo goizean Areso alkateari. "Libreki etorkizuna erabakitzeko burutzen ari diren ariketagatik, eskoziar herria zoriontzeko" erakunde mailako aitorpena adostea zuen helburu EHBilduk. "Zoritxarrez, egun historiko honetan, alkateak ez dio Eskoziari keinurik egin", Ibaibarriagak adierazi duenez.

Herriek erabaki

"Herriek erabaki, Scotland Yes, Euskal Herriak Bai” lelopean jai-giroko elkarretaratzeak antolatu ditu herriz herri EH Bildu koalizioak. Bilbon, Areatzan elkartzeko deia zabaldu du 19:00etatik aurrera. Bertaratzen diren guztiek "argazki herritarra" aterako dute.