IX. Mendiko Konbentzio Europarra izango da Bilbon

uriola.eus 2014ko ira. 18a, 09:30

"Mendietatik datorren kalitatea: pertsona eta lurraldeentzako oparotasuna" lelopean, Europako Programazio Berriak Europako mendialdeen garapenerako eskaintzen dituen aukerak aztertuko dira, Euskadirako bereziki garrantzitsuak direnak, Euskadiko orografiaren %85 mendia baita.

Urriaren 22tik 24ra bitartean, Bilbok IX. Mendiko Konbentzio Europarra hartuko du; ekitaldia Euromontana elkarteak antolatzen du bi urtean behin Europako geografiaren leku desberdinetan, dituen 70 bazkide baino gehiagorekin batera. Oraingo honetan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Saila da, elkartearen lehendakaritza baita, Europar Batasunarekin batera finantzatu den eta mendialdeetako landa garapenaren alorrean mailarik gorenean dauden adituak Bilbora erakarriko dituen ekitaldiaren anfitrioia.

Biltzar honekin asmoa da Europako Programazio Berriak Europako mendialdeen garapenerako eskaintzen dituen aukerak aztertzea, Euskadiko lurraldean %85 mendia baita, eta proiektu komunetan lankidetzan aritzeko dauden aukerei buruz gogoeta egitea ere bai.

Asmo horrekin, 200 lagunek baino gehiagok aztertu egingo dute nola erabili baliabide horiek tokiko balio kateen eta produkzio sistemen egituraketan, bai eta lurraldeen garapenean ere, produktuak lurraldeari lotuko dituzten kalitate politika, marka eta etiketez baliatuz. Beste kontzeptu batzuk ere aztertuko dira, esaterako inbertsioa, lankidetza, sustapena, kalitatearen hobekuntza eta berrikuntza, mendialdeko lurraldeen oparotasunerako bide gisa.

Biltzarra, halaber, Tokiko Ekintzarako Taldeen artean ideia trukaketa errazteko foroa ere izango da, lurraldeko marketinaz eta mendialdeko produktuen balioespenaz baliatuta tokiko garapenerako estrategiak lantzeko moduak alderatu eta hobetzeko helburuarekin: Ebaluazio konparatiboa, ekimen interesgarrien aurkezpena…

Biltzarreko osoko bilkuran, tailerretan eta mahai inguruan parte hartuko duten hizlarien artean Europako Batzordearen Nekazaritzako Zuzendaritza Orokorraren, FAO erakundearen, Italiako Nekazaritza Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren ordezkariak izango dira, bai eta Europako hainbat eskualdetakoak ere.

Biltzarra mendiko balio kateen agente guztiei zuzenduta dago, landa eremuetakoei zein kontsumitzaileei, eta garapen agentziei, parke eta garapenerako beste taldeei, mendialdeko Tokiko Ekintzarako Taldeei eta unibertsitate, institutu tekniko eta irakaskuntza institutuei ere bai.

Egitaraua ikusi

Familia nekazaritza eta 2015eko Milango Expoa

FAO erakundeak 2014. Urtea Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea deklaratu zuen, eta mendialdeko nekazaritzak, neurri handian, ekoizpen modu hori betetzen du, funtsean familiako eskulanaren menpe baitago. IX. Mendiko Konbentzio Europarrak kanpaina honen helburuak eta jardute ildoak eta mendialdeko ekonomian duen aplikazioa aztertu eta miatzeko ere balioko du.

2015ean Milanen “Planeta elikatuz bizitzarako energia” izenarekin egingo den nazioarteko erakusketari begira, urte horretan nekazaritzako elikagaien gainean egingo den munduko ekitaldia nagusia izango baita, Bilboko hitzorduan mendialdeko jendeak egindako ekarpen batzuk landuko dira, foro honetan galdera honi erantzunez: "Nola erantzun diezaiekete mendialdeko kalitateko ekoizpenek elikagaien segurtasunak biharko egunean izango dituen erronkei?”.