Udalak 25.000 euroko laguntza bideratuko du ebolari aurre egiteko

uriola.eus 2014ko ira. 18a, 11:32

Argazkia: Munduko Medikuak

Sierra Leonako iparraldean ebolaren eragin hondatzaileak arintzen laguntzeko asmoz, Bilboko Udalak 25.000 euroko emergentziazko dirulaguntza onartu du.

Laguntza hori Berdintasun, Lankidetza eta Hiritartasun Saileko aurrekontuaren pentzura gauzatuko da. Haren bidez, Munduko Medikuak GKEk Koinadugu izeneko barrutian prebentzio arloko proiektu bat burutuko du, kutsapen kopurua gutxitzeko eta bertako profesionalei gaixotasuna goiz detektatzeko nahiz haren jarraipena egiteko beharrezko materialez hornitzeko asmoz.

Pasaden abuztutik hona, ebola izurritea osasun publikoaren alorrean mundu osorako garrantzia duen emergentzia bilakatu zen. Epidemia hau nazioarteak inoiz aurre egindako hilkorrena da. Ginea osora hedatu da eta, ondoren, Liberia, Sierra Leona eta Nigeriara.

Hilkortasun handiarekin batera, ebolak eragindako herrialdeen osasun-sistemak suntsitzen ditu, mediku onenak hiltzeaz gain, ospitaleak leporaino betetzen dituelako. Eragindako herrialdeen gobernuek nazioarteko erakunde nagusien laguntzaz emergentziazko batzorde eta planak sortu dituzten arren, ebolaren zigorrak Sierra Leonan dagoeneko osasun arloko 26 profesionalen heriotza ekarri du.

Ildo horretan, Munduko Medikuak erakundeak Koinadugu barrutian dagoen egoera dramatikoa arintzeko xedez esku hartzeko proiektua proposatu du, izan ere, eskualde hori Sierra Leonako isolatu eta pobreenetariko bat da, 350.000 biztanle inguru dauka eta herritar horientzat mediku bi baino ez dago.

Proiektuak prebentzioari lotutako helburu bikoitza dauka: alde batetik, elkarri kutsatzea saihesteko herritarren artean informazio nahikoa ematea; eta bestetik, osasun-profesionalei gaixotasuna goiz detektatzeko eta ebolaren balizko kasuen ondorengo jarrapen epidemiologikoa nahiz jatorrizko tokietan desinfekzioa egiteko behar diren baliabide materialak bermatzea.

Gainera, proiektuaren barruan, besteak beste, Koinaduguko osasun agintarirentzako laguntza tekniko eta logistikoa dago. Haren bidez, gizartea mobilizatzeko eta osasunaren hezkuntzarako batzordea sortuko da; ebolaren hedapenean eragina izan dezaketen praktika kulturalei buruzko landa-eremuko ikerketa bat egingo da; lehenengo mailako arretako zentroen eta isolamenduko unitatearen osasun langileen eta laguntzaileen prestakuntza handituko da; eta gaixotasunari aurrea hartzeko moduari buruzko GKEetako langileen, elkarteen, lider komunitario eta erlijiosoen, gizarte zibileko ordezkarien eta petrikiloen prestakuntza handituko da.

Munduko Medikuak erakundeak dagoeneko zortzi urte eman ditu osasunari lotutako garapen-proiektuak garatzen Sierra Leonako iparraldeko eskualde hartan, Ginearekiko mugan. 2012an koleraren izurritea desagerrarazten lagundu zuen.

Bilboko Udalak 150.000 euro baino gehiago bideratzen ditu urtero emergentziazko laguntzetarako -iaz diru-kopurua 163.511 eurokoa izan zen-. Horrek Berdintasun, Lankidetza eta Hiritartasun Sailaren lankidetzarako aurrekontuaren %8a inguru osatzen du.