Musika, dantza, iritziak, funanbulista bat, poemak eta nola ez, dispertsioaren kontrako aldarriak osatu dute Sarek deitutako ekitaldia. Arratsaldeko 18:00etan Bilbao Arena beteta zegoen.
Arlo politiko, juridiko, kultural, instituzional eta akademiko ezberdinetako parte hartzaileak egon dira, besteak beste, Iñaki Lasagabaster, Jule Goikoetxea, Igor Elortza, Juan Mari Torrealdai, Begoña Errasti, Juan Jose Ibarretxe edota Willy Toledo. Denak bat etorri dira esatean, giza eskubideak errespetatu behar direla eta ondorioz, dispertsioarekin amaitu beharra dagoela.
Ekitaldiaren bidez, herritarrei apirilera bitartean sakabanaketarekin bukatzeko emango diren urratsen berri eman diete. Sare herritar bat osatzea "ezinbestekoa" dela azaldu dute eta horretarako, sarekideen beharra dagoela; "lagunez lagun, jostorratza eta haria, herriz herri, elkarri loturiko hainbat eta hainbat sarekidez osaturiko sarea behar dugu".
Lehenengo urrats gisa, Sarek sakabanaketaren "errealitate lazgarriaren" berri emango duela azaldu du; "legez kanpoko jardun hori mundu osoaren aurrean agerian utziz". Bestalde, nazioartean, kartzela-politikak presoengan eta haien senideengan zer nolako ondorio larriak eragiten dituen jakinarazteko erronka hartu du. Horretarako, "tresna eraginkor" bat erabiliko dutela azaldu diete kitaldiko parte hartzaileei: dispertsioaren liburua. Argitalpen horren bidez, jendeari Euskal Herrian ematen den "eskubide urraketa" modu argian azaldu nahi diote. Gauzak horrela, gaurtik hasita apirilara bitartean, 500.000 liburu banatuko dituzte bost kontinenteetan, herritarren sarearen laguntzaz.
Bukatzeko, urtarrilaren 10ean Bilbon egingo den mobilizazio erraldoian parte hartzeko deia luzatu dute.