Angela Murillo buru duen Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Salan emango zaio hasiera gaur goizean, 28 gazteen aurkako prozesuari. Guztiei, segiko kide izatea leporatzen diete eta seina urteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat.
2010eko polizia operazio batean atxilotu zituzten 28 gazte independentistak eta gehienek torturak salatu zituzten. Auziperatu gehienak Madrilen daude atzotik baina beste batzuk, Aske Gunean geratu dira, epaiketara ez joateko erabakia hartu duten gazteak babesteko gunean.
Ikoitz Arresek, Twitter bidez duela minutu gutxi jakinarazi duenez, auzitegi sarreran zeuden (dagoeneko barruan daude) eta euren "jardun politikoa epaitu nahi badute ere, konponbidearen aldeko mezua" eraman dute Madrilera.
Loiolako Aske Gunea
Loiolako basilikaren aurrean Aske Gunean martxa da atzotik, auziperatuei babesa agertu eta haien askatasuna exijitzeko. Ekintza ugari egin dituzte eta hainbat auziperatuk bertan igaro dute gaua; 10:30ean, agerraldia emango dute.
Manifestazioa Santutxun
Xabat Moran eta Ikoitz Arrese gazteei, zein beste guztiei, babesa helarazteko, gaur arratsaldean, 20:00etan, manifestazioa abiatuko da Karmelo plazatik "ikoitz eta Xabat libre" lelopean.