Bizkaibuseko sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte

uriola.eus 2014ko ira. 22a, 11:50

Foru Aldundiari duela urtebeteko akordioa apurtu eta 200 lanpostu kolokan jartzea leporatzen diote sindikatuek. Bi manifestazio deitu dituzte, urriaren 3tik aurrera bederatzi greba egun, eta erantzunik ezean, urriaren 27tik aurrera etenik gabeko greba.

Iazko urriaren 4an adostutako akordioa "ez betetzea" leporatzen diote Bizkaiko Foru Aldundiari indar sindikalek. Gehiengo ordezkaritza duen UGTko Jose Luis Garciaren esanetan, Aldundiak autobus lineen berregituraketa prozesua abiarazi du "eurek ezarritako baldintzekin", eta horrek 200 lanposturen "amortizazioa ekarriko du". Bizkaibusen linea batzuk hobetzeko eta maiztasuna handitzeko konpromisoa hartu zuen akordio hartan Aldundiak eta ardura horri ere muzin egitea leporatzen dio Aldundiari. Garciaren hitzetan, "Artxandako aubusaren errenuntzia" da horren froga.

Mobilizazioak

UGT, ELA, CCOO, USO eta LAB sindikatuek "Gurea defenda dezagun, lanpostuen suntsiketari ez" lelopean, irailaren 24an eta urriaren 1ean manifestazioak deitu dituzte sindikatuek. 10:00etan Foru jauregitik abiatuko dira Garraio Zuzendaritzaren egoitzara arte. Urriaren 3tik aurrera bi orduko lanuzteei ekingo diote, goiz, arrats eta gaueko txandetan. Greba egingo dute urriaren 6, 9, 13, 15, 17, 20, 21, 23 eta 24an eta, erantzunik ezean, urriaren 27tik aurrera etenik gabeko grebari ekingo diote.

Artxandako autobusaren erabiltzaileen erabakia

A3216 linea urrian etengo du Bizkaibusek. Zerbitzua bere horretan ordezkatzea ezinezkoa dela aurreratu du dagoeneko Garraio Saileko buru Asier Abaunza zinegotziak, kostu horri Udalak aurre egin ezin diola argudiatuta, baina "kostu extrak" beregain hartzeko prest azaldu da. Abaunza zinegotziak, alternatiba gisa, Bilbobus lantzadera baten proiektua du esku artean. Horretarako hainbat xehetasun aztertzen eta hainbat froga egiten ari da Garraio saila, besteak beste, lantzaderak egingo duen ibilbidea, izango dituen ibilgailuak edota izango duen prezioa. Ibilbideari dagokionean, hiru aukera baloratzen ari da: Funikularrarekin lotura egitea, Deusturekin egitea edota Abandorekin. Hiru proposamenak joan den astean aurkeztu zizkien Artxandako autobuseko erabiltzaileei.

Artxanda plataformak auzokide, langile eta autobuseko erabilzaileak asanbladara deitu ditu gaur, irailak 22, Artxandako Txakolinean, 19:00etan. Plataformak adierazi duenez, "gure xedea autobus lineak bere horretan jarraitzea da". Garraio sailak aurkeztu dizkion alternatiben aurrean, "azterketa xehea egin eta erabakia hartzea hitzartu dugu". Gaurko erabakiaren berri bihar, asteartea, emango dute prentsaurrean plataformako kideek.