Agerraldian gogoratu dute, hezkuntzak "berebiziko garrantzia" duela norbanakoaren eta herri baten garapenean eta eskubide unibertsala denez, administrazioei "eskubidea bera bermatzeko ardura har dezatela eskatu" diete.
Euskal Herrian Hezkuntza, "espainiar eta frantziar estatuen esku" egon dela azaldu dute eta ondorioz, LOMCEk urrats berriak eman dituela, Hego Euskal Herriko hezkuntza "erabat mugatuz eta herritarrok nahi dugun kontrako norantza bideratuz". Era berean, Jose Iribas eta Cristina Uriartek, lege berriaren ezarpenak ez duela apenas eraginik izango diotela salatu dute; "azken hamarkada luzeetan inposatu nahi den legerik gogor eta atzerakoiena delako".
Behin eta berriz, "legea ez betetzeak segurtasun gabezia eta ondorio kaltegarriak ekarriko lituzkeela" entzuten dutela azaldu dute La Bolsan bildutako lagunek; baina benetako kaltea, "LOMCEa bera garatzeak ekarriko" duela argi daukate. Gauzak horrela, "premia" ikusten dute, LOMCEa abian den lehen ikasturte honen hasieratik, "legeari aurre egiteko eskura dituzten bideak abian jartzea".
Maiatzean aurkeztutako Gure Gidaren lehenego zirriborroari hezkuntza komunitate eta herritarrek egindako ekarpenak gehitu dizkiote eta dagoeneko, ikastetxe guztietara zabaldu dute LOMCEri aurre egiteko eta "gure Hezkuntza Sistema eraikitzeko lan tresna baliagarria izatea espero duten Gida". Orain, zentroz zentro, eskualdeka, herri zein auzoetan gida propioak garatzeko faseari ekingo diotela mahaigaineratu dute; eta bide horretan, lanean aritzeko prest dauden pertsonei "eskua luzatu diete".
Bukatzeko, LOMCEri ezekoa adierazteaz gain, hezkuntza eredu propioa eraikitzeko bidean urratsak emateko hautua egin dute; "guzti hau maila pertsonalean hasi eta modu kolektibo batean garatu arte". Beraz, urriaren 11an, Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian, "Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez!! Inposaketarik ez!" lemapean, herri gisa kalera ateratzeko deia luzatu diote euskal jendarteari.