Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) "optimizatzeko" eta mota horretako baliabideak legeak eskatutako baldintzak "benetan betetzen dituzten pertsonengana" heltzeko asmoz, "balizko iruzurrak saihestuta", Bilboko Udalak GLLak kontrolatzeko proiektua bultzatuko du, bost jarduera-ildotan oinarrituta.
Prestazio bidegabeak itzultzeko prozedura
Bilboko Udala gizarte larrialdietarako laguntzak kontrolatzen eta berrikusten aitzindaria izaten jarraitzea ahalbidetuko duen proiektuaren alderdi nagusietako bat prestazio bidegabeak itzultzeko prozedura izango da.
Jasotako zenbateko osoa epearen barnean justifikatu ez duten GLLen hartzaile guztiei edo GLL bat modu bidegabean jaso dutenei prestazio bidegabeak itzultzeko prozedura irekiko zaie, justifikatu gabeko diru-kopurua itzul dezaten. Kasu horietan ohartarazi egingo zaie, justifikatu gabeko zenbatekoa itzuli ezean, zehatzeko prozedura irekiko zaiela, 4 urteko aldian GLLik edo udal laguntza berezirik ez jasotzea ekar dezakeena.
Altzari eta etxetresna elektrikoen gastuetarako emandako GLLen ofiziozko berrikuspenak
2014an altzarien gastuetarako eskatutako 819 GLLetatik 410 eman dira.
Balizko iruzurrak saihesteko, ausazko ikuskapenak egingo dira altzarien eta etxetresna elektrikoen gastuak estaltzeko GLLak hartu dituzten etxeetan. Horrela, erosketa hori benetan egin den eta erositako altzaria laguntza jaso duen etxean dagoen egiaztatuko da.
Horretarako, mota horretako gastuetarako laguntza jaso duen pertsonak beren-beregiko baimena sinatu beharko du, eskaera egiten duen unean, Bilboko Udaleko langile eskudunei bere etxera sartzeko baimena emanda, eskatutako laguntzaren helburua bete dela egiaztatzeko asmoz.
Alde horretatik, legez kontrako egoera antzematen bada, zehatzeko dagokion espedientea irekitzeaz gain, emandako laguntza itzultzeko eskatuko zaio.
Entitate publiko eta pribatuekiko lankidetza
Eskaeretako edukia egiaztatzeko asmoz, Gizarte Ekintza Sailak behar beste datu eta txosten eskatu ahalko dizkie erakunde publikoei edo pribatuei.
Ondorio horretarako, komunikazio-ildo arina dauka Lanbiderekin. Azken erakunde hau, besteak beste, Dirusarrerak Bermatzeko Errenta (DBE), Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) modu eraginkorragoan kudeatzeko aukera ematen duen informazioa eskaintzeaz arduratzen da. Halaber, beste administrazio batzuekin ere egongo da harremanetan, adibidez, Katastroko Bulegoa, Foru Ogasuna eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza, besteak beste.
Era berean, erakunde pribatuei (adibidez, zerbitzu odontologikoez, zerbitzu optometristez edo altzarien eta etxetresna elektrikoen salmentaz eta alokairuaz arduratzen direnak) fakturak egiaztatzeko eskatuko zaie, horiek faltsutu direla uste den guztietan. Horri dagokionez, aurtongo orain arteko zatian gezurrezko fakturak aurkeztu direla antzeman da, altzariak eta etxetresna elektrikoak erosteko eta hortzetako tratamenduak ordaintzeko jasotako laguntza justifikatu nahi zutenak.
Gainera, Bilboko Udala harremanetan jarriko da Odontologoen eta Optometristen Elkargo Profesionalekin, emandako laguntzen zenbatekoak hobeto kontrolatzen eta ondoren fakturei jarraipena egiten laguntzeko.
Kasu horiek saihesteko asmoz eta gezurrezko faktura aurkeztu omen dela antzematen denean, itzultzeko prozedura irekiko da, justifikatu ez den zenbatekoa itzultzeko; izan ere, modu bidegabean kobratu dela ulertuko da. Halaber, bidezko zehapen prozedura abiaraziko da, 4 urteko gehieneko aldian edozein udal laguntza kobratzeko debekua ekar lezakeena.
Udaltzaingoaren ikuskapenak
Erroldako datuen eta etxebizitza baten benetako egoeraren artean kontraesanak daudenean, Udaltzaingoari eskatuko zaio bizikidetzari buruzko txostena egiteko, ikuskatutako etxebizitzan benetan nor bizi den eta bizikidetza-unitateen artean zein harreman-mota dagoen berresteko. Horrela, etxebizitzan dauden bizikidetza-unitateak eta horiek nortzuk osatzen dituzten zehaztu ahal izango da.
Gizarte Zerbitzuek erroldatzeen kontrolari eustea
Gizarte Zerbitzuek kudeatutako erroldatzeen helburua helbide bat edukitzea da, haren bidez, ohiko bizitokia Bilbo eduki arren, etxebizitzari dagokionez, modu larrian gizartetik baztertuta dauden pertsonak erroldatu ahal izateko. Horrela, pertsona horiek dagozkien eskubide sozialak gauzatu, eta baliabide eta prestazio normalizatuak eskuratu ditzakete, adibidez, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak.
Erroldatze hori eskuratzeko zein prozedura bideratzeko eta ebazteko baldintzak Gizarte Zerbitzuen Eskaleak Erroldatzeko Prozeduran zehazten dira. Gaur egun, Gizarte Zerbitzuek 543 lagun erroldatu dituzte 20 establezimendu kolektibotan: 127 udal aterpetxean daude, eta gainerakoak, berriz, zenbait erakundek (adibidez, CEAR, IZANGAI edo CARITAS) babestutakoetan.
Erroldatutako lagunen kopurua pixkanaka-pixkanaka murrizten joan da 2010etik (urte hartan 704 izan ziren), besteak beste, etorkinen jaitsiera dela eta.
Gizarte Ekintza Sailak Gizarte Zerbitzuek erroldatzen dituzten pertsonen gainean behar bezala eguneratutako zerrendei buruz unera arte Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako koordinatzaileekin eta horretan esku hartzen duten erakundeekin egiten diren hiru hilez behingo kontrolak eta berrikuspenak egiten jarraituko du, prozeduran eskatutako baldintza guztiei eutsi zaiela eta erakundeek luzatutako aldeko txostenaren ondoriozko betebehar guztiak betetzen direla egiaztatzeko asmoz.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak
2013an jasotako datuen arabera, gizarte larrialdietarako Udalak bideratu zituen 6.084 dirulaguntzetatik 5.055 eman ziren. Horietatik 816 (657.330,61 euroko zenbatekoa daukate, guztira) justifikatu zain daude, haien zati batean edo zenbateko osoa.
Aurreko urteetan jasotako datuen aldean, eman eta justifikatu zain dauden laguntzak pixkanaka-pixkanaka gehitzen joan dira. Hala ere, datu horiek adierazitakoaren arabera, Sailak hartutako erabakien presioagatik kopuru hori murrizten ibili da, onuradunek eskatutako justifikazioak aurkezten jarraitzen dutelako. Horrela, urtez urte hasieran justifikatu gabeko espedienteen kopuruari eutsi zaio.
Justifikatu gabeko espedienteak |
Zenbatekoa (€) |
|
2010 |
256 |
281.047 |
2011 |
383 |
389.678 |
2012 |
589 |
528.825 |
Era berean, aurton Udaltzaingoari bizikidetzari buruzko hainbat txosten egitea eskatu zaizkio, Udal Erroldan dauden pertsonen artean egoera irregularrak aurkitu direlako.
Bilboko erroldatzeen kontrola
Erroldatze bat erregistratu baino lehen, Bilboko Udaleko Hiritarren Arretarako bulegoetan lehenengo kontrola egiten da. Bertan eskatzaileak zinpeko adierazpena eta jatorrizko dokumentazioa aurkezteko eskatzen da, hura behar bezala identifikatzen dela bermatzen dutenak. Okupazio hori dokumentuen bidez eta modu egokian justifikatzen ez bada, erroldatzea ez da unean bertan egiten, eta Errolda Kontrolatzeko Talde batek okupazio hori egiaztatzen duen Udaltzaingoaren txostena eskatzen du. Zenbait kasutan eta pertsona bat hura erroldatuta daukan etxean bizi ez dela jakitean edo horie gertatzen dela uste denean, bigarren kontrola egiten da.
Balizko inskripzio bidegabe baten susmoaren aurrean jarduteko protokoloa honela laburbiltzen da:
- Hartu-agiria daukan errekerimendua bidaltzen da erroldatzearen helbidera, norberak bere bizilekua justifikatu dezan edo erroldako edozein aldaketa jakinarazi dezan. Bertan bizi dela adierazten badu, Udaltzaingoari hori egiaztatzen duen txostena prestatzeko eskatzen zaio.
- Errekerimendua bidaltzen bada eta erroldatzeko prozesuan dagoen pertsona batek 10 eguneko epean ezer adierazten ez badu, errekerimendu hori jasotzen ez badu, edo Udaltzaingoak bizilekuari buruzko aurkako txostena prestatzen badu, pertsona hori helbide horretan baja emateko izapideak abiarazten dituen Ebazpenaren barnean sartuko da. Baja gauzatu baino lehen, berrikusten ari den erroldatzea daukan biztanleak etxebizitzaz aldatu duela jakinaraziz gero, hil dela jakin bada edo beste helbide batean alta hartu baldin badu, mugimendu hori erregistratu eta inskripzio bidegabea egiteagatik bajaren espedientea artxibatzen da.
Erroldatzearen jarraipen berezia
2011tik 2014ko uztailaren 31ra bitartean, inskripzio bidegabea egiteagatik baja eragin duten 11.885 espediente egon dira.