Otxarkoaga eta Uribarriko auzokideek "kezka" agertu dute metroaren 3. lineako obren atzerapenagatik

uriola.eus 2014ko ira. 23a, 12:00

Otxarkoagako Familia Elkarteak eta Uribarriko Gure Etxea Auzo Elkarteak ohar baten bidez jakinarazi dutenez, Bilboko Metroaren 3. lineako lanak geldituta daude; "ez dago mugimendurik eta langile kopurua asko jaitsi da". Gauzak horrela, 2016rako metro izango ez duten "kezka" helarazi dute.

Gogora ekarri dute, 2009an hasi zituztela lanak 33 hilabetetarako, beraz, 3. lineak martxan egon beharko zuen 2013an. Hala ere, 2016an aurreikusten da bukatuta egotea.

Era berean, kostuen gaineko salaketa ere mahaigaineratu dute. "153 milioi euro balio izatetik, 279 milioira" igaro baita obraren kostua. Haien arabera, 14 milioiko gorakada Txurdinagako arazo geologiko batengatik izan da eta 43 milioiko igoera, proiektuaren aldaketa eta hobekuntzarako. Baina gainontzeko 68 milioien gorakada, "prezioen eguneratzeagatik" izan dela argudiatu diete, haien ustez azken hau, "justifikaezina den gorakada da". Diotenez, "inork ez ditu zifrak argitu eta dirurik ez egoteak obrak finantziaziora egokitzea ekarri du".

Guzti honen aurrean, "atzerapenekin bukatzea" exijitu dute; "ezin dugu onartu lanak atzeratu eta jarritako datak ez betetzea. Metroa ahalik eta arinen behar dugu". Era berean, erantzukizuna eskatu dute eta "zulo ekonomikoaren" zergatia aztertu dadila; "erantzuleek euren gain har ditzatela gestio txarraren ardura legala".