Urriaren 13ra atzeratu da Ondarroako zubi harresian parte hartu zuten bost lagun epaiketa

uriola.eus 2014ko ira. 24a, 11:18

Auziperatuak 09:30etan sartu dira epaitegira. Bitartean, Eleak Mugimenduak deituta, elkarretaratzea egin dute 100 lagun inguruk "Epaiketa politikorik ez! Gora herri harresiak!" lelopean, Buenos Aires kalean, epaitegiaren atarian. Bostek ukatu egin dituzte leporatzen zaizkien delituak eta bi lekuko agertu ez direnez, epaiketa atzeratzea erabaki dute.

2013ko maiatzaren 15ean Ondarroan, Urtza Alkortari babesa agertzeko egindako zubi harresian parte hartzeagatik izango dira epaituak bost gazteak. Haietako lauri poliziaren aurka egin izana leporatzen diete eta bi urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak eurentzat. Bosgarren auzipetuari desordena publikoa egotzi diote eta isun bati aurre egin beharko dio. Denen artean 8.000 eurotik gorako isuna ezarri diete.

Eleak Mugimenduaren izenean, Txerra Bolinagak¡ gaur goizean azaldu du, egun hartan "ertzainak izan zirela indarkeria erakutsi zuten bakarrak eta hori hainbat grabaziotan jaso" zela; "jendartea modu baketsuan joan zen Urtza babestera".

Bestalde, Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintza epaiketa honen eta azken aldian egin diren beste askoren erantzule egin ditu. "Horrelako lege bidegabeak arbuiatzen dituztela diote, baina legeak aplikatzeko beharra dagoela. Hauek haiek sortutako pozesuak dira, ez da Madriletik datorren zerbait" salatu du Bolinagak. Gaurkoaz gain, Loiolako herri harresian parte hartu duten beste bi herritarren kontrako salaketa ere badagoela argitu du eta horrek prozesu berri bat martxan jarriko duela. Era berean, Donostiako Aske Guneko auziperatuak eta Urtzi eta Telle grebalarien kasua ere gogora ekarri du.

Egoera honen aurrean, "legearen eta justiziaren artean erabakitzera behartuz gero, justiziaren alde" egingo luketela gehitu du, "legea bidegabea bada, desobedientzia baino ez zaigulako geratzen".