Espainiako Gobernuak Abortuaren Legearen aurreproiektua atzera botako duela konfirmatu eta berehala, Emakundek albiste pozgarria dela adierazi du. Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, erreforma egiteko asmoa zegoela jakin zenetik, haren kontrako jarrera azaldu zuen irmoki, “emakumeen eskubideetan eta askatasunean atzerapauso onartezina” suposatzen zuela esanez, eta oraingoan ere ideia bera berretsi du.
Landaidak erreformaren kontra egon den mobilizazio soziala goraipatu du eta zentzu honetan mugimendu feministaren, emakumeen elkarteen, erakundeen eta bestelako entitateen lana azpimarratu du.
Landaidaren iritziz, egungo Legea aurreratua da, Europako lege aurreratuenekin bat dator, eta ez du inor abortatzera behartzen, baizik eta haurdunaldia eten nahi duten emakumeei osasun baldintza onetan egin dezaten bermatzen dieten arau marko bat eskaintzen du. Lege honek aukera ematen die emakumeei gaizkile sentitu gabe abortatzeko.