Merkataritzako ordutegien auzian, Konstituzio Auzitegira jotzeko eskatu dute sindikatuek

uriola.eus 2014ko ira. 25a, 15:02

Udalbatzarrean Bilboko turismo guneen izendapena eztabaidatu den bitartean, kanpoan, udaletxeko eskaileretan, protestaldia burutu dute  ELA, LAB, CCOO eta UGTek deituta. Sindikatuek ez dute “ulertzen” Bilboko Udalaren “jarrera”, euskal gizartzeak, euskal merkatariak eta kontsumitzaileek “nahi ez dutenean dendak igande eta jaiegunetan zabaltzea”.

Bi eskari luzatu dizkiote Udalari sindikatuetako ordezkariek. Lehena, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari zuzendua, non “Konstituzio Auzitegian errekurtsoa aurkez dezala eskatzen zaien 2012 eta 2014ko errege-dekretuaren bi arau indargabetzeko, ordutegien liberalizazioari dagokiona eta Bilboren turismo gune izendapenari dagokiona. Bigarren eskari bat ere egin diote Udalari, Gasteizko legebiltzarrean 2014ko irailaren 1ean “onartu zen Bilboren turismo gune izendapena bertan behera utz dezala”.

Arrazoi “asko” dago sindikatuen aburuz eskaera horiek egiteko. “Igande eta jaiegun guztietan zabalduz gero, lanpostu asko galduko dira merkataritza txikian eta lanaren eta familiaren uztarketa zailduko da emakumeak gehiengoa diren sektorean". Sindikatuen aburuz, “Bilbon turismoa aitzakia da ordutegiak liberalizatzeko”.

Plataforman elkarlanean

Euskadi mailan sindikatu, merkatari eta kontsumitzaile elkarteek plataforma bat osatu dute. Sinadura bilketa “potentea” abian dute “igande eta jaiegunetan itxita” ekimenari babesa emateko. Kalean, lantokietan eta elkarteetan ari dira sinadurak biltzen. Plataforma hainbat udalekin harremanetan hasita dago EAE mailan merkataritzako ordutegien inguruko “mozioak lantzeko”. Eusko Jaurlaritzari, berriz, desafioa luzatu diote, “inplika dadin” eta “igande eta jaiegunetan zero irekiera zehazten duen euskal legea sor dezan”.

Gaurkoa bezalako elkarretaratzeak egin ditu plataformak udalbatzarretan ordutegien gaia jorratu denean, eta “ez ditugu baztertzen mobilizazio indartsuagoak”, adierazi dute.