Athletic

Norbere suntsipena ezin geldituz

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko urr. 1a, 09:02

Athleticek ezintasun erakustaldi tristea eskaini du Bielorrusian. Talde zurigorriak jokoa antolatzeko zailtasun larriak izan ditu partidaren hasieran, bere aurpegirik motel eta eskasena azaleratuz. BATE Borisovek egoera bi gol egiteko baliatu du eta atsedenaldiaren atarian Adurizek sartutakoak esperantzak piztu ditu jokalari eta zaleen artean. Alferrik, bigarren zatian defentsan egindako akats larriek jarraikortasuna izan dute eta berdinketa erdiesteko aukera apurretan lehoiek ezin izan dute asmatu. (2-1)

Kezkagarria oso Valverderen taldearen ibilbidea. Autodestrukzio prozesu batean murgilduta dauden taldeen antzera, zurigorriek gabezi fisiko, taktiko eta ofentsibo ugari erakutsi dituzte Borisoveko zelai berrian.  Galdera gehiegi eta erantzun gutxi une honetan Athleticen inguruan. Entrenatzailea zein futbolariak egoera irauli nahi horretan ere ez dute asmatzen, euren bertsiorik onenetatik oso urruti daude.

Gaurkoa inflexio unea zitekeen, Ligako bolada txarra ahantzi eta Txapeldunen Ligan aurrera urrats garrantzitsua emateko. Ez bata, ez bestea, karramarroen moduan atzera egin dute bizkaitarrek.  Iraola, San Jose eta Ibairen aldeko apustua egin du gaur Txingurrik, baina piezen aldaketak ez du espero zitekeen eragin positiborik izan, ezta Rico eta Beñaten arteko postuen trukaketa. Arratiarrak Athleticen lehen jaurtiketa egin du partida hasi eta berehala, irudikeri hutsa izan da. Sakontasunik gabe, zurigorriek baloiaren jabetzari eutsi diote, defentsa eta erasoko trantsizioak egiterako orduan abiadura motel eta erraz aurreikusteko moduko prozedurarekin. Bielorrusiarrak, aldiz, baloi jabetza gutxiagoarekin oldarkorrago azaldu dira. Jokalari gehiagorekin ailegatuz, arrisku sentsazio altuagoa transmititu dute uneoro.

Eta horrela, korner jaurtiketa baten ondoren iritsi da BATE Borisoven aurreneko gola. Iturraspek zaintza lanetan egindako akats larri baten ondorioz, Polyakovek baloia aise sartu du sareetan. Berriro ere maldan gora, ostera ere markagailua irauli beharrean. Blokeo psikologiko eta fisikoaren zantzu nabarmenak helarazi ditu Athleticek lehen zatiaren erdialdean. Erdiko jokalariek eta Adurizek elkarren arteko distantzia handia zuten eta hegalekoak ez dira apenas jokoan sartu. Minutuek aurrera egin dute eta bigarren kolpea iritsi da, zelai erdian lehoiek galdutako baloi baten ondoren, bielorrusiarrek jokaldi azkarra antolatu dute. Behin area barruan, Karnitskiren jaurtiketak Iraolaren oinean jo du eta Iraizoz engainatu du.

 

 

Hondamendiaren atarian, Athleticek erreakzio txikia izan du atsedenaldira iritsi aurretik. Muniainek eta Adurizek erditik egindako konbinaketa bikain amaitu du donostiarrak. Golak itxaropena suspertu du, jakinik aurretik 45 minutu geratzen zirela eta Valverdek aldaketa ezberdinak egin behar zituela. Eta horrela izan da aldagelatatik bueltan, Susaeta eta De Marcos zelairatu ditu Rico eta Ibairen ordez.

Baina lehengo lepotik burua, etxeko taldeak aukerarik onenak sortu ditu eta behin baino gehiagotan partida erabakitzeko aukera bikainak izan ditu, bereziki Signevich aurrelariak. Atzeraka egin beharreko trantsizioak amesgaiztoa izan dira Athleticentzat, gehienetan baloia modu inozo batetan galdu ostean. Iturraspek bere gaurik beltzena izan du eta defentsako jokalariek zalantzak eta segurtasun falta nabaria erakutsi dute partida osoan zehar.

Zorteak ere bizkarra eman die zurigorriei, izan ere epaileak ez du Adurizi area barruan egindako bultzakada adierazi. Minutuek aurrera egin ahala, lehoien intentsitatea altuagoa bilakatu da, emaitzak behartuta eta bielorrusiarren nekea medio. Hala ere, jarrera oldarkorrago hori ez da aukera garbietan gauzatu. Susaetak egindako jaurtiketa on bat Chernik atezainak modu ikusgarria aldendu du, Athleticen abagunerik handiena deuseztatuz. Valverdek Toquero zelairatu du azken 15 minutuak jokatzeko eta gasteiztarrak bere ekarpena egin du beste jaurtiketa batekin.

 

 

Azken minutuetan, ezintasun ariketan murgildu da Athletic, paretaren kontra, erlojuaren kontra, bere gabezien gatibu eta zalantzekin batera norbere barruko mamu eta estutasunarekin borrokan. Suntsipenaren botoitik atzamarra kendu ezinik, horrela dabil Valverderen taldea. Dezepzio bortitza hartu dute taldeko partaide guztiek zein zaletuek. Egoera dezente zaildu da, Shakhtar eta Oportoren arteko berdinketa berantiarrak zurigorrien aukerak bere horretan uzten dituen arrean.

Igandean Real Madrili bisita egin beharko diote bilbotarrek eta ez da erronka erraza izango, ondoren etenaldia dator. Lanean jarraitzea eta konfiantza berreskuratzea besterik ez dago. Begi bistakoa da jokalari gehienak ez daudela barruan duten onena ematen ari, baina daudenak dira, aldaketa bakarrak harrobitik iritsi litezke. Beraz, elkarrekin jarraitu eta erruz laboratzen segitzeko momentua da.

Exijentzia altua da, talde honek helburu handiak erdiesteko gaitasuna duela erakutsi du, sinesgarritasuna du jokoan. Eta berriro ere irri egin ahal izateko eta mamuak aldentzeko, orain arte erakutsitakoa nabarmen hobeto beharko du Athleticek. Eskaeraren langa jaitsi gabe, gehiegizko katastrofismotik eta konformismotik urrun, egoera iraultzeko soinu egokia eskaintzen duten teklak topatu eta norbere suntsipen azkartu besterik egiten ez dutenak baztertu beharko dituzte Valverdek eta bere jokalariek.

 

 

Argazkiak: UEFA.com eta Getty Images