Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eskari guztiak bermatzea eskatu du EHBilduk

uriola.eus 2014ko urr. 1a, 10:45

Laguntzen jasotzaileen aurkako "jazarpena eta kontrol poliziala" mantenduz gero koalizioak Gizarte Ekintzako zinegotziaren dimisioa eskatuko du. David Lopategi zinegotziak urtero Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) ordaintzeko aurrekontua "eskas" geratzen dela eta, onartutako eskari guztiak ez direla asetzen salatu du: "2013an 525 bilbotar gelditu ziren laguntza jaso gabe aurrekontua agortuta baitzegoen".

Bilboko EHBildu udal taldeak proposamen bat aurkeztu du urriko udalbatzan eztabaidatzeko 2014an egin diren GLL eskari guztiak asetzeko beharrezkoak diren diru-partidak bermatzea exijituz.

David Lopategik 2014an "ase gabe geratuko diren eskariak 1.200era irits daitezkeela" ohartarazi du gaur goizeko agerraldian. Zentzu honetan, prozedura honen "zentzugabekeria" seinalatu du, "diru-laguntzen izenak dioen bezala, larrialdi egoerei aurre egiteko laguntzak direlako" eta prozedura horrek "bazterketa soziala areagotzen eta egonkortzen du".

Abisua Gizarte Ekintzako zinegotziarentzat
Zinegotzi soberanistak EAJ eta PPren mezuak arbuiatu ditu "elkarbizitzaren mesederako ez dutelako batere laguntzen" eta horrelako mezuek "zurrumurruen" aurkako kanpainekin talka egiten dutela. "Gizarte Ekintzako zinegotziak marra gorri guztiak zeharkatu ditu eta horregatik atzera egin dezala eskatzen diogu, eta bere horretan mantentzen bada eta diru laguntzen jasotzaileen jazarpen poliziala bezalako neurriekin aurrera jarraitzen badu, bere dimisioa eskatuko dugu berehala", adierazi du.

 

[2014/09/22] Gizarte laguntzak kontrolatzeko eta berrikusteko proiektuari eutsiko dio Udalak