Bizkaiko kirol probarik garrantzitsuenen (Bilbao Night Maraton, Herri Krosa, Santzurtzi-Bilbo, San Silvestre Bilbo-Errekalde 2014) edota gure autonomia-erkidegoko beste batzuen (Donostiako Klasikoa, Behobia-Donostia lasterketa edota Donostiako eta Gasteizko maratoiak) denboraldiaren hasiera dela-eta, Bizkaiko Medikuen Elkargoak, EKIMErekin (Euskadiko Kirol Medikuntza Elkartea), FEMEDErekin (Kirol Medikuntzako Espainiako Federazioa) elkarlanean eta Bilboko Udalaren laguntzarekin dokumentu bat argitaratu du, herritarrei orohar zenbait gomendio eskaini, eta kirolariek kirol probak hasi aurretik osasun-azterketak egitearen beharrizanari buruz informatuz.
Dokumentua
Medikuntzako profesionalek eta kirol arloko estamentuek beharrezkotzat jotzen dugu kirol jardueretan, ludikoetan zein lehiaketa mailakoetan, parte hartu nahi dutenei osasun-azterketa egitea proba horretan jardun aurretik. Kirol gaitasunerako osasun-azterketa oinarrizko tresna da kirolariaren osasuna zaintzeko, bai bat-bateko heriotzaren prebentziorako, bai kirola egitetik eta bakoitzaren baldintzetatik sortutako beste arrisku batzuk kontrolatzeko. *
Euskadin, Kirol arloko Osasun Azterketari KOA) buruzko adostasuna lortu zen, bai metodologian, bai giza baliabideen eta baliabide fisikoen premietan, kirol arloko gaien transferentzia egin zitzaionean gure autonomia-elkarteari 1998an. Horretarako, Kirol Medikuntzako Elkarteen laguntza izan genuen.
Gaur egun, eta ildo berean, Kirol Batzorde Nazionalak Kirola egiteko osasun-azterketen sistema izeneko dokumentua atera du, Osasunaren eta Dopinaren Osasunaren Batzorde eta Jarraipeneko Lantaldeak egina.
Kirolariaren Osasun Azterketaren helburu nagusiak
- Kirolariaren osasun-egoera orokorra baloratzea.
- Kirola egitea erabat, neurri batean edota aldi baterako kontraindikatu dezaketen patologiak identifikatzea.
- Prozesu patologikoekin parte hartzeko aukera eskaintzea (posibilitateak, arriskuak eta mugak).
- Osasun-egoeran, batik bat kirolari gazteen hazkundean, garapenean eta heldueran, kirola egiteak izan ditzakeen eraginak kontrolatzea.
- Esfortzu fisikorako egokitzapen-maila detektatzea.
- Organismo bakoitzerako egokiena den kirola aholkatzea eta agintzea.
Kirolariek KOA egiten dutenean ziurtatuta eduki behar dute datuen pribatutasunaren eskubidea. Hori lortzeko bidaltzen zaizkio azterketaren emaitza jasotzen duenean: bata, federatiboa edo publikoa, gaitasunari buruzko informazioa jasotzen duena, eta bestea pribatua, honakoak jasotzen dituena: osasunari, higieneari, kirola egiteko aginduari eta jarraipenari eta miaketa osagarrien orientazioari buruzko informazioa.
Oro har, bi urterik behin kirol arloko osasun-azterketa (KOA) egitea komeni da. Hala ere, 35 urtetik gorakoek eta euren osasun-egoeran aldaketaren bat izan duten kirolariek edo gaitasun handiagoa behar duen kirola (muturreko baldintzak, esfortzu fisiko handiagoa) egiten dutenek urtero egin beharko lukete osasun-azterketa.
Kirolarien Osasun Azterketak egiteko giza baliabideak eta baliabide fisiko espezifikoak behar dira. KOA ekintza medikoa da eta horren erantzule bakarra azterketa egiten duen medikua da. Medikuak lan hori egiteko behar bezalako gaitasun, esperientzia eta ardura duela ziurtatu behar du.
Hala berean, KOA egiten duten zentroek material egokia eduki behar dute. Material horren barruan sartzen dira produktu sanitarioak (langile kualifikatuek erabiliak) eta bizia arriskuan jartzen dituzten arazoei aurre egiteko behar direnak (bihotz-monitorizazioa, desfibriladorea etab.).
KOA egiteko protokoloa adinaren, kirol motaren, lan-kargaren eta kirola egiten erabiliko den denboraren (entrenamendua eta lehiaketa) arabera finkatu behar da.
Istorio klinikoa bilduko du, honakok jasota bereziki:
- Aurrekari familiarrak eta pertsonalak jasotzea, kirola egitea mugatu edo kontraindikatu litzaketen patologiak aurkitzeko, batez ere bihotzeko gaixotasunak alde batera uzteko eta arrisku kardiobaskularra baloratzeko.
- Miaketa sistematikoa aparatuka. Hemen lokomozio-aparatua bere balantze morfoestatikoarekin eta aparatu kardiobaskularraren eta arnasa-aparatuaren miaketa sartzen dira.
- Nerbio-sistema, arreta berezia jarrita erreflexuei eta mugimenduen koordinazioari.
- Oinarrizko antropometria
- Balorazio funtzionala. Honakoak egingo dira: EKG Basala, bihotz-patologiak hautemateko, esfortzu-proba, arrisku kardiobaskularrak estratifikatzeko. Proba hauek 14 edo 16 urtetik gorakoei egin behar zaie intentsitate eta iraupen desberdinak aplikatuta.
- Diagnostiko-proba osagarriak, beharrezkoak badira
KOAren bidez, bat-bateko heriotzarekin zerikusia duten bihotzeko gaixotasun gehienak aurki daitezke.
Kirolariaren osasunean eragina izan dezakeen patologia edo egoeraren bat diagnostikatzen bada, zenbait kirol egiteko erabateko, neurri bateko edo aldi baterako kontraindikazio moduan sailkatu ahal izango da.
Gaur egun, KOA derrigorrezkoa izateko kirolari buruzko lege autonomikoen artikuluak dekretu-bidez garatu behar dira. Finantziazioa da oztoporik handiena. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela eskumena duten administrazio guztien ahalegin beteratua, oraingo blokeotik irteteko , irudimenean oinarrituta eta KOAren kostuaren eta eraginkortasunaren aurrean lehentasuna emanda kirolariaren osasunari.
Edozelan ere, KOA lagungarria da kirolariarentzat, bere burua ezagutzeko, esfortzu fisikora egokitzeko, bere mugak jartzeko, kirola gustura egiteko modu osasungarrian.
*(American Medical Association, American College of Sports Medicine, American Heart Association, Kirol Medikuntzako Espainiako Federazioa, Kirol Batzorde Nazionala, Bilbao Muerte Súbita del Deportista 2013 dokumentua, Bizkaiko Medikuen Elkargoa).