Asteburu honetan bi deialdi nabarmentzekoak dira. Lehena, bihar -larunbata- izango da. Antimilitarista taldeek "ejerzitoa eta gerraren negozioa" salatuko dute indar armatuen desfilea parodiatuz. Bigarrena, igandean izango da. Independentistak Sarean plataformak mobilizazio "dinamikoan" parte hartzeko deia egin du "Euskal Errepublikaren alde".
Lehorraratze militarraren parodia
Bihar, larunbatean, Bilboko Talde Antimilitaristak (KEM-MOC) eta Sinkuartel Konpartsa Antimilitaristak ekintza bat burutuko dute Bilboko itsasadar eta kaleetatik. Ekintza honek lehorraratze militar bat eta urriaren 12an, Día de la Fiesta Nacional, ohikoa den indar armatuen desfilea parodiatuko ditu, ejerzitoa eta gerraren negozioa salatuz. Hitzordua, 12:45ean Pio Baroja plazako pantalanean izango da.
Euskal Errepublikaren alde
Urriaren 12an, 11:30ean, Independentistak Sareanek Bilboko Plaza Zirkularretik Plaza Eliptikoraino dagoen tartean mobilizazioa antolatu du. Plataformak esan duenez, ez da ohiko manifestazioa izango, mobilizazio dinamikoa eta parte hartzailea egingo du, "Espazio bat okupatu eta aldarrikapenak bertan landuko ditugu guztion artean". Alor, sektore, kolektibo eta mugimendu desberdinen arteko borrokoka eta lanari esker, "euskal Estatua etengabe sortzen eta eraikitzen eta euskal Errepublika aldarrikatzeko bidea" egiten ari direla adieraziko dute.
Adierazi dutenez, independentzia ez da zerbait abstraktua edo hutsa eta "euskal herritarron nahi eta beharrei lotuta dago" zuzen-zuzenean eta independentzia bera da "etorkizuneko alternatiba bakarra". Ekimenean parte hartzen den orori zapi, kamiseta eta soineko berdez jantzita joateko eta ikurriña eta bandera independentistak eramateko eskatu dute.