Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza laguntza pribatizatu du fundazio ultraliberal baten zerbitzuak azpikontratatuz

Erabiltzailearen aurpegia STEE-EILAS 2014ko urr. 13a, 09:15

Argazkia: FundaciĆ³n Empieza por Educar

STEE-EILASEek Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoak pribatizatzeko ekimen berri aurrera eraman duela salatu nahi du, oraingoan hezkuntzan. Gasteizko gobernuak beste pausu bat eman du, eta gela barruko laguntzak emateko erakunde pribatu bat azpikontratatu du.

Akordio honen  arabera, Patricia Botin patronatuburu duen Empieza por Educar fundazioak bi langilez osatutako taldea eramaten du DBHko hainbat ikastetxe publikoetara, eskola hauetan eman beharreko hezkuntza laguntza osatu nahian. Proiektuaren izena ExE Eskolan Ekiten.

Jakina da ikastetxe publiko askok bizi duten zailtasun egoera berezia, bai ikaslego motagatik bai giza baliabide edo baliabide material ezagatik. Egoera hauek okerrera egin dute azken urte hauetan emandako murrizketak  direla eta. Gainera, formakuntza akademiko nahikorik gabe eta lan baldintza eskasetan (erdia kobratzen dute) dabiltzan langileak ikastetxetan sartzeak, ez du konponduko eskolek bizi duten plantila eskasia estrukturala, ez eta hezkuntza gastuan izandako jaitsiera edo administrazioak eskola publikoarekiko duen utzikeria.

Langile hauen aukeraketa aipatutako fundazioaren irizpide ideologikoen pean egin da. Empieza por Educar erakundeak kontratatuak eta gaizki ordainduak, ikastetxe publikoetan sartu dira  lan egiteko inongo prozedura legalik jarraitu gabe, eta habilitazio pedagogiko ofizialik egiaztatu barik. Pertsona hauei sarrera errazten zaien bitartean, milaka ordezkok bere aukeraren zain jarraitzen dute ordezkapen-poltsetan. Are eta larriago da egoera hau, kontuan izaten badugu plantiletan eta ordezkapenetan izandako murrizketek  lanpostu galera izugarria eragin dutela.

STEE-EILASek hala eskatu duen arren,  ez zaigu inongo informaziorik helarazi, ez eta iritzirik eskatu ere. Iluntasun hau ulergarri bilakatzen da aukeratutako prozeduraren irregulartasunak eta hutsegiteaz gain aukeratutako erakunde pribatuaren ideologia kontserbadorea kontuan hartzen badugu. Empieza por Educar estatu espainiarrean Teach for America erakunde ultraliberalak duen sukurtsala da, eta mundu osoan Teach for All izenarekin da ezaguna. Madrilen Ignacio Gonzalezek (PP) 2012-13 ikasturtean ekin zion proiektu honi, polemika handiz. LOMCEk babes legala ematen dio prozedura honi, eta haratago doa, zuzendariei beraiei ematen baitie mota honetako erakundeekin akordioak ixteko aukera. Aurtengo ikasturtean Eusko Jaurlaritzak heldu dio ekimen honi. Nora eraman nahi gaitu Eusko Jaurlaritzak?