Pobreziari muga jarriz, eraldaketa soziala gauzatu

Latxe Uranga eta Regina Maiztegi Elkartzenen izenean 2014ko urr. 17a, 09:33

Urriaren 17an, pobreziaren aurkako mundu mailako eguna ospatzen da. Miloika pertsona gara munduan, prekarietate, pobrezia eta miseria egoeretan bizi garenak.

Elite ekonomiko eta politikoek herritar sektore zabalen aurkako menderatze eta esplotazioaren ondorioz, munduan zein euskal herrian ere, pobrezia eta prekarietatea areagotuz doaz langile klasearen eta herritar sektoreen artean. Datuak eskandalugarriak dira, 4 estatu batuarrek elkarrekin, 600.000 miloi biztanletik gora dituzten 42 estaturen BPGa baino ondasun haundiagoa dute. 1960an munduan, pertsona aberats 1 zegoen beste 30 pobre ziren bitartean; egun, portzentai hori, 1-80koa da, 1.200 miloi pertsonek elikadura gabeziak dituzte eta 2.200 miloik eraren bateko pobrezia pairatzen dute. Herrialde txiroen kopurua haunditu egin dela diote gizateriaren garapenaren inguruko azterketek. Beraien kokapena eta bestelako desabantailez gain, duten egitura ekonomiko, politiko eta sozialek, FMIak, Banku mundialak edota Europear banku zentralak diseinatutako garapenerako erronkak gainditzerik ez dute izan. Egoera hau ez da soilik garatu gabeko herrialdeetara mugatzen..., Europar Batasunean, langileak pobre potentzialtzat gaituzte, honela ulertzen delarik 80 miloi pertsona baino gehiago pobrezia mugaren azpitik bizitzea, eta euskal herrian 900.000 pertsona baino gehiago muga horren azpitik egotea, hau da 3tik 1!

Jendartearen dualizazioa izugarria da. Beren burua egoera honetan ikusten ez zuten pertsonek, karitate eta ongintza zerbitzuetara jo behar izan dute. Instituzioak elite ekonomikoen aldeko lanetan lanpetuta bait daude. Kapitalismoak eragiten ari den pobretze prozesuaren ondorioz, gero eta gehiago gara ezegonkortasuna, behin -behinekotasuna eta inolako babesik gabe aurkitzen garen sektore sozialak. Ematen ari diren etengabeko eskubide sozial eta laboralen murrizketen ondorioz, krisialdi egoera gaindituta ere, prekarizazio prozesuak eta esplotazioak, bere horretan jarraituko du. Ofentsiba beldurgarri hau lege kolpez eta era koordinatuan Euskal herriko elite politiko eta ekonomikoak zuzendua izan da. Gobernuko eskuin alderdiak (PNV,UPN,UMP) PSOE,IU,PSN eta PSFren laguntzari esker: Lurzoruaren legea, etxebizitza planak, PFEZaren erreformak, sozietateen gaineko zergaren jaitsierak, bazterketa sozialen aurkako balizko legedia, lan erreforma jarraituak, eskandalugarriak diren pribatizazioak, jendartearentzako estrategikoak eta berebiziko garrantzia duten osasuna, hezkuntza edota beharrizan bereziak dituzten pertsonei dagozkienak alegia, zenbait alkatek egindako adierazpen eta jarrera arrazistak... Guzti hauek, errenten kontzentrazioa ahalbideratzen ari diren neurriak dira, herritar sektoreen bizi prekarizaioa eraginez.

Egunez egun Euskal Herrian biderkatzen ari diren pobrezia eta prekarietate egoerak ekiditu nahi baditugu, gure eskubideak progresiboki urratu eta murrizten dituen sistema sozialarekin bukatu beharra dugu. Esplotazio harremanak gaindituko dituen sistema politiko eta sozial berri baten aldeko pausuak emanez. Bide honetan, kapitalaren ofentsibaren aurrean Euskal herriak bere biziraupena eta etorkizuna zihurtatu ditzan, gure ustetan nahita-nahiezkoak diren 4 ideia garatu eta sakondu beharko liratezke; Ordu gutxiago lan egitea guztiok lana eduki dezagun honela arlo pribatuan ere lana banatuz; pertsonen eta herrien gain eragiten dugun esplotaziarekin bukatzea naturarekiko oreka bilatuz; eragile sozial eta sindikalek duten pisua haunditzea, arlo pribatuaren aurrean komuna denaren pisua haunditzearekin batera; eta premiazkoa da langile klasearen zerbitzura egongo den eredu ekonomiko bat eraikitze bidean pausuak ematea.

Esplotatutako herriak eta zapaldutako nazioak gero eta estutuagoak gaude estatu, europa zein mundu mailako kapitalismoaren mesedetan, eta Euskal herria, honen adibide dugu (kupoak, hitzarmenak, sindikatuen lanaren aurkako erasoak, eskubide sozialen murrizketak, negozio pribatuak loditzeko ondasun publikoen lapurretak, ,AHT, superportuak, errauskailuak, mespretxuak herritar borondateari, atxiloketak, presentzia poliziala, debekuak,...) Kapitalaren ofentsiba izugarria da, baina inolaz ere geldiezina. Gure lan eta gizarte eskubideen aldeko borrokan nahita nahiezkoa da langile klasearen antolakuntza. Momentu hauetan militantzia sozialak berebiziko garrantzia hartzen du. Herritar antolakundeek zein eragile sozialek, argi dugu borrokak merezi duela; esplotatuak eta irainduak garen milaka langilek, migrantek, gaztek, emakumek, zein pentsionistek, kontzienteki borrokan jarraituz pairatzen ari garen basakeriaren aurrean.

Iraultza sozialak, ez dituzte norbanakoek egiten; nahiz eta hauek ospetsuak, disdira haundikoak zein heroikoak izan. Iraultza sozialak masa herritarrek egiten dituzte. Egungo komunaren gaineko espoliazioaren aurrean, publikoaren pribatizazioaren aurrean, gure bizitzako arlo guztien merkantilizazioaren aurrean, saldu nahi diguten baina herritarron gehiengoaren aurkako gerra ezkutua baino ez dan bake sozialaren aurrean, beldurra eta babesik ezaren aurrean, kapitalaren biolentziaren aurrean, aurre egin behar diegu; elkartasun sareak indartu behar ditugu. Indarra dugulako eta baita alternatibak ere. Arrazoi honengaitik, urriaren 17ak ez du etsipenerako eguna izan behar. Inflekzio puntu bat baizik, indar metaketarako abiapuntua, bizi dugun egoeraren kontzientzia hartzeko mobilizazio eguna alegia. Eraldaketa sozialerako abiapuntua!

ESKUBIDE SOZIALEN ALDE BORROKATU!

PREKARIETATERI AURRE EGIN!

JENDARTEA ERALDATU!