Bilbok bat egin du bihotz-gelditzearen kontrako Europako II. Egunarekin

uriola.eus 2014ko urr. 16a, 08:50

Osasun eta Kontsumo Sailak Bizkaiko Gurutze Gorriarekin batera ematen dituen ikastaroen aurkezpena egin du Deustuko Errekamari BHIn.

Bigarren urtez jarraian, Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak bat egin du Bihotz-gelditzearen kontrako Europako Egunarekin eta bihotz-biriketako bizkortzearen aurkezpen bat egin dute Deustuko Errekamari BHIko hogei bat ikaslerekin. Horretarako, Bizkaiko Gurutze Gorriaren laguntza izan du, erakunde horrek ematen baititu BBB ikastaroak uriko ikastetxeetan.

Estatistiken arabera, gaixotasun zirkulatorioak dira oraindik ere heriotzaren lehen arrazoia emakumeen artean eta bigarrena gizonen artean. Hori ehunekoetan adierazten badugu, gizonezkoen heriotzen % 28a eta emakumezkoen heriotzen % 35a da.

Hori dela eta, "Zure eskuek lagun edo senide baten bizitza salba ditzakete" leloarekin, Bihotz-gelditzearen aurkako Europako II. Egunaren helburua da herritarrek patologia horren aurrean kontzientzia hartzea eta gaixotasun hori gainditzen duten pertsona kopurua igotzea. Era berean, web gune bat prestatu da kanpainaren informazio guztiarekin: www.restartaheart.eu

Bilbao, bihotz-babestua

Bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko prestakuntzaren bidez berehala aktibatzen da Larrialdi Medikoen Sistema (112) eta, behar izanez gero, bizkortzeko maniobrak egin daitezke. Horrela, pertsona horiek bizirauteko aukerak igotzen dira.

Ildo horretatik, nabarmentzekoa da Bilboko Udala, Osasun eta Kontsumo Sailaren bidez, arlo horretako prebentzioarekin eta prestakuntzarekin inplikatuta dagoela: 1988tik BBB ikastaroak ematen zaizkie uriko eskola-umeei osasun-agenteen prestakuntza emateko, oinarrizko maniobrak egiten jakin dezaten eta bihotza eta arnasa gelditzen direnean maniobra hori azkar egitearen garrantzia baloratzen jakin dezaten.

Ikastaroan ordubeteko teoria ematen dute osasuna sustatzeko teknikariek (erizainek eta medikuek) eta hiru orduko praktika ematen dute Bizkaiko Gurutze Gorriko monitoreek. Monitore bakoitzak 10 ikasle dauzka.
Zehazki, 2013-2014 ikasturtean Bilboko 9 ikastetxetan (publikoak nahiz itunpekoak) eman ziren ikastaroak eta Batxilerreko 1. mailako eta prestakuntza-zikloetako 906 ikaslek hartu zuten parte.